Pertsonok autoritaterik gabe galduta gaudela esan dit lagun batek. Hitz interesgarria iruditzen zait; Hanna Arendti irakurri nion horretaz: Erroman sortu zen, Auspiceos-engan konfiantza ipintzean, eurek esandakoa egiatzat hartzen zelako inolako pertsuasiorik gabe. Ondoren, erlijioek autoritate maila bereganatu ei zuten, fedeak aitortuta.
Beraz, gakoa sinistea izan daiteke. Medikuarenera joan eta bidalitako medikamentua hartzea, sendatuko zarela sinistuta. Mugikor/eramangarri/gailu teknologikoa erosi, sinistuta lana erraztuko dizula. Giza baliabideetara jo, laneko bullying-a bukatuko dela sinistuta. Bikotearekin jarraitu, arazoa konpontzea denbora kontua dela sinistuta, edota mugida baten kontra sinatu, sarraskia etengo duzula sinistuta.
Eta beharbada, sinisteak bakarrik ez, sinisteko aukera izateak ere badu zerikusia autoritatearekin. Hots, ahal dela, norberak egindako hautu libre bat izatearekin, eta ez publizitateak, uniformeak edota arauak eragindakoa. Holakorik, antza, noizbait existitu baitzen, Arendten arabera, garai klasikoan. Eta denboraren planoa zirkularra bada, eta, beraz, errepikakorra, eta aita santuaren jirak hainbeste jende batu badu, akaso, laguna zuzen da. Badaezpada, halere, bizkarrik eman gabe atera mediku kontsultatik, elizatik, polizia etxetik, kobazulotik. Izan ere, sinisteko aukera baino gehiago, autoritatearen nortasuna da gakoa, Auspiceos-i galdetzea zutenak estatuaren magistratuak baitziren, boterea hartu edo emateko gaitasuna zuten gizon zuriek.