Behar dituenaren poz nekatuarekin hartu nituen oporrak. Nahiko anakroniko, edo berandu, eufemismorik gabe, maleta baten bila hipermerkatura jo eta ikasturte hasierako amantalek, koadernoek, motxilek eta azpimarratzeko errotuladoreek nire ikusmen espazio osoa hartu zutenean. Hasterako, bukatu egin behar.
Hasierek bezainbesteko karga baitute amaierek, udak ondo daki hori. Udalekuetako maitemina; jolasak edozein ama hizkuntza gaindi dezakeela erakutsi dizun kanpineko laguna; iluntzeetan ortzi muga gero eta gorriagoari begira pasatutako minutuak; hainbeste gozarazi dizun liburua. Dena agurtu behar da noizbait.
Eta zenbat kostatzen den, zaigun. Haurrak erretxinduago; helduok pentsakor, bekainak uzkurtuta, akaso. Denok ere triste, etxafuegoz hasitako oporraldia hil kanpaiz amaitzera goazelako. Din-dan, hasi eta buka. Bi hitz antagoniko, oztopatzen digutenak benetan inporta duenari erreparatzea: bideari.
Zeren, konturatzen garenean gure oporrak ez direla zinez inflexio puntu izugarri bat izan, eta ikusten dugunean udak, bere ekaitz-kresal-izerdi-eltxo-eguzki, ez digula irailerako babarik eltzetik atera, orduan, orduan gutxi axolako zaigu nola hasi genuen edo nola amaituko dugun oporraldia. Garunak tarteko bide guztia marraztuko du bere mapetan, sekula galduko bagina ere, uda honetaraino ekarri gintuztenek eta udan ibili ditugunek ireki diezazkiguten zidor berriak.