Goiatz Labandibar.

Ez-erditzeak

2025eko abuztuaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erditzeak daude eta ez-erditzeak. Horien artean daude zesareak. Gogoan dut nola erditze aurreko saioetako batean emaginak galdetu zuen ea inork kontatu nahi ote zuen aurretik izandako erditzerik. O-k hau esan zuen: «Nik ez nuen erditzerik izan; zesarea bat izan nuen». Zorionez, emagin hura han zegoen esateko baietz, O ere erditu zela, zesareaz, baina erditu.

Tarteka, estatistikak agertzen dira. Adibidez, Espainiako estatuan zein ospitaletan egiten den zesarea gehien eta gutxien. Estatistika horiek ulertzeko, baina, datu asko falta izaten dira. Esaterako, zero zesarea egiten diren ospitale horietan zer gertatzen den zesareaz erditu behar duten emakumeekin: beste norabait bideratzen dituztela. Estatistika horien atzean, badago zesarearen deabrutze moduko bat.

Baina zesareaz erditu beste erremediorik ez dute (dugu) izan emakume askok. Kirurgia handi delakoa da zesarea bat. Ebakitzen dituzte zazpi ehun, ezezagunez soilik inguratuta. Erditze ondorenean medikuek jarritako dieta biguna. Adio hilabeteetan amestutako urdaiazpiko, sushi eta Idiazabalgo gaztari. Zortzi astez ezin gidatu (eta litekeena da bikotekidea sei asteren ondoren lanera bueltatu izana) eta beste hainbat kontu.

Duela gutxi, Espainiako gobernuak hamazazpi astera igo du gurasotasun baimena. Hori ongi dago. Baina zesareaz erditzen diren emakumeei gaixotasun baimena eman beharko liekete lehenengo, gainerako kirurgia handietako pazienteei bezala, eta ondoren goza dezatela euren amatasun baimena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.