Nire lehengusinaren eta bion arteko harremana oso motel mugitzen da; bakoitzaren bizitzak paraleloki azeleratuak badira ere, gure elkarguneak beti dira motelak. Urtean behin ikusten dugu elkar; oporretan, gehienetan. Bera penintsularen behe-behean bizi da, eta ni, goi-goian. Luzea da baten bizilekutik bestearenerako bidea, eta heltzen hasiak gara. Gabonak familia-garai sakratua zireneko urteak jan dizkigute lanak eta konpromisoek, eta honezkero ez dugu zita finkorik egutegian.
Bere euskara izozkailu potente batean gordetako jaki bat bezalakoa da: modu jarraituan urtean behin baino erabiltzen ez duenez, txikitan ikasi zuenetik astebete baino ez da zahartzen urtero. Gauza asko ez dakizki ondo esaten, baina amamaren Oñatiko hizkera bereziari eta gure euskalki arrasatear hautsi honi eusten die; zerbait nola esan jakin ez eta Interneten batuan aurkitzen duenean, hori ere gehitzen zaio bere hiztegi partikularrari, Andaluziako azentuarekin nahastuta. Ederra da konbinazioa.
Gaur, banku batean eseri eta deitu egin diot. Batzuetan denbora librea behar da norbaitekin aspaldi hitz egin ez duzula gogoratzeko. Lana, lagunak, familia, pisukideak; errepaso orokorra egin dugu. Orduan izan da: nik dagoeneko erabiltzen ez dudan hitz bat erabili du, amamaren ahotsean irudikatzen dudana baina aspaldi ahaztua nuena. Zerbait mugitu zait barruan, logela txukuntzen txikitako objektu maite bat aurkitzen duzunean bezala. Ez diot ezer esan. Berak ez daki zer-nolako altxorra daraman izozkailuan.