Prakamotzak, hondartza eta beroa. Udan askoz zailagoa da gorputza ezkutatzea. Nigatik balitz, bero egiten duenean biluzik ibiliko nintzateke kalean. Halere, uste dut arropak desagertu ahala gorputz batzuk espazio publikotik ezabatzen direla, eta hortik ihes egiteko sortutako espazio nudistetan ere, normatibitateak hartzen du erdigunea.
Gorputzekin eta biluztasunarekin dugun harremanak bereziki kezkatzen nau. Begirale lanetan ari naiz nerabeekin, eta asko ez dira gai elkarrekin biluzik dutxatzeko. Konplexuak eta sexualizazioa. Hezitzaile bezala, ez da erraza esku hartze egokia aurkitzea.
Hain daude ohituta aldagelak eta dutxak sexuka banatzera, askok ez baitute planteatu horrek zenbat jende uzten duen espazio horietatik kanpo. Genitalitatea eta sexua lotuta doazela erakutsi zaienez, ez dira gai hortik atera eta normalitatez eroso elkarrekin aldatzeko.
Babesaren eta intimitatearen izenean, ez al ditugu arazo gehiago eragiten? Ez al gabiltza gorputzak ezkutatzen eta beldurrez bizitzen? Ezin daiteke izan ikusiko duten lehen gorputz biluzia sexu harremanak izaterakoan ikustea, pantailetakoak izatea dituzten eredu bakarrak.
Udalekuetan dutxa mistoak sustatzen saiatzen gara, baina bat-batean denak batera jarrita ere, nortzuek hartuko dute zentroa? Nor sentituko da deserosoen? Ezin dugu honek daukan karga soziala ahaztu.
Argi dago gai delikatua dela, baina, gutxienez, gazteekin hitz egin behar dugu honetaz.