Itzea Urkizu Arsuaga.

Kaioarena

2026ko abuztuaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Igerileku ertzean, besaurreen gainean kokotsa pausatzen utzita, portuko mutiloira lotutako txalupa bat naiz; lepotik beherako guztia flotagarritasunaren fisikaren esku, goxo kulunkatuz. Urak hartzen ditu nire forma, ehundura eta bihurgune guztiak, leun besarkatuko banindu bezala, sobera ezer ez balego bezala.

Gure buruen gainean kaio saldoak pasa eta pasa, zerua marrazten. Europa iparraldean ugaldu eta, kumeek hegan ikasi dutenean, Mediterraneo aldera omen doaz, negua epel samar pasatzera. Bizi ahal izatera.

Igerileku honetan gauden denok ere antzeko zerbait egin dugula uste dut, gutxiago edo gehiago: bizileku bat utzi eta beste batean kokatu, denbora-tarte batez, hobeto bizitzeko esperantzan. Urtean 50 bat astez eutsi, iraun, segi, bizpahiru astean benetan ondo bizitzeari tintodeverano zaporea hartuko diogula sinetsita. Horixe baino ez garelako udatiarrak: migrazio-uholde bat, gure ezin iritsiak, antsietateak eta itolarriak sendatuko dizkigun oporleku utopiko baten bila.

Kaioak itzuliko dira iparraldera, udaberri partean; ondo dakite zein diren bizitzeko gutxiengoak. Gu itzuliko gara gure etxeetara, eta hitz egingo dugu opor osteko depresioaz, dibortzioez, edo beltzarandu zaigun azalak lehengora bueltatzeko behar duen epe laburraz. Eta, bitarte horretan guztian, kulunkan doan txalupa bat izango da askoren etxe eta bizi ahal izateko esperantza-uholde bakarra. Urak leun besarkatzen baitu dena, sobera ezer ez balego bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA