aissa intxausti

Nekatzen du

2025eko abuztuaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Dena pentsatu behar dugu.

Pentsatu behar dugu nola egin nahi ditugun gauzak. Pentsatu behar dugu zer ez dugun erreproduzitu nahi. Zerotik pentsatu behar dugu zer, nola eta nortzuekin eraiki nahi dugun.

Asmatu behar ditugu bikoteak ez diren harremanak. Asmatu behar ditugu harreman horiek izendatzeko hitzak, lagun baino zehatzagoak. Asmatu behar dugu familiatik kanpoko babes sareak nola eraiki. Diseinatu behar ditugu etxeak taldean bizitzeko, bakoitzaren intimitatea bermatuz. Pentsatu behar dugu nola kudeatu gure artean jabetzak eta dirua. Landu behar dugu nola sentitu seguru eta egonkor, gure ingurukoek gurekiko derrigorrezko lotura bat ez dutenean. Pentsatu behar dugu nola aldatu harremanak moldez, elkar ahalik eta gutxien minduz prozesuan.

Hori gutxi balitz bezala, etengabe azaldu behar dugu. Azaldu behar dugu lagunekin bizitzeko hautua egin dugula, eta ez dugula bikotean bizi nahi. Azaldu behar dugu gurekin harremanak dituztenak ez direla gure bikotekideak edo, bikote esaten badugu, ez dela haiek uste dutena, ez ditugula sekula familia bazkarira eramango. Azaldu behar dugu ez dugula guapak izan nahi. Azaldu behar dugu zergatik ez garen herrian bizi. Azaldu behar dugu zergatik ez dugun guraso izan nahi. Azaldu behar dugu zergatik nahi dugun odol loturarik edo bikote harremanik ez dugun pertsona hori egotea ospitalean gurekin.

Bitartean, beste batzuek gureak baino gauza garrantzitsuagoez pentsatzeko denbora daukate. Adibidez, ze bizikleta marka erosi.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.