Orubea espazioa da, lurzatia, eraikiko dena (edo eraikitzeko dagoena, baina hutsik dagoena oraindik). Hori definizio aseptikoa dugu. Hirigintza teknikari, arkitekto, eraikitzaile eta enparauen betaurrekoen arabera, orubea metro karratu batzuk dira, baina eurotan neurtuak. Eta euro horiek biderkatu daitezke udal araugintzaren zirrikituek uzten duten arte. (Beraz, orube hauek tokiko ustelkeriak sustatzeko espazio apropos izan ohi dira).
Frankista lokartu eta demokrata itzartu ziren pertsona batzuk gurean. Era berean, lurzoru batzuk landako lokartu ziren eta urbanizagarri itzartu. Batzuentzat plano batean agertzen diren markak baino ez dira. Baina lurzati horiek ere gordetzen dituzte istorioak, gordetzen dituzte bizitzak, gordetzen dituzte ametsak (edo).
Orube hauek jabeak dituzte, noski. Batzuetan herriko jendea da, bertan bizi izan zirenen arbasoak edo espekulatzeko asmoz erosi duten pertsonenak, udalarekin dituzten harreman zuzentxo horiek aprobetxatuz-edo. Beste batzuetan, ostera, inork ezagutzen ez dituen pertsonak izaten dira jabeak, edo enpresa pribatuak, edo bankuak, edo higiezinen enpresak. Hauei buruz gutxi dakigu, baina are gutxiago dakite eurek gure bizimoduei buruz. Eta bai, orube horietan gertatzen denak eragiten digu, ia denetan: kulturalki, sozialki, komunitarioki, ekologikoki, linguistikoki eta politikoki. Orubeak, ai!