Goiatz Labandibar.

Señora bat

2025eko abuztuaren 3a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Urteak betetzen ditut uda hasieran. Aurtengoan, hamarkadaz aldatuta ere bai. Eta kontzientzia sendo batekin: señora bat bihurtu naiz.

Egia esan, ez naiz horretaz jabetu egun batetik bestera. Ez da urtebetetzeak ospatzeko San Marko opilaren gainean jarritako kandelak itzaltzearekin batera izandako epifania moduko bat. Eboluzio bat izan da señora bihurtzea, eta eboluzio bat horren kontzientzia hartzea ere. Gutxinaka-gutxinaka gertatu den zerbait.

Baina zer da señora izatea? Galdetuko du lerro hauek irakurtzen ari den baten batek.

Señora izatea ez da definizio bat. Kontzeptu bat da. Ez dator Euskaltzaindiaren Hiztegian, eta esango nuke jasotzen dituen andre-ren sei definizioetako batek ere ez duela erabat barne biltzen espainieratik ekarritako señora horren atzean dagoen kontzeptu osoa.

Señora bihurtzea ahalduntze prozesu bat da. Señora batek konfiantza du bere buruarengan. Pentsatzen duena esaten du, baimenik eskatu gabe eta lotsarik gabe (beldur pixka batekin agian bai, batez ere prozesuaren hasieran). Lehendabiziko aldietan, harrituta ikusten du berak hitz egin edo iritzia eman ahala inguruan dituen jaun (señor) eta jauntxo ustezko horiek nola haserretzen diren berarekin, zauriak egiten dizkielako haien botereari, haien gizontasunari. Baina mindutako gizonki horiek ikustearen ikustez, señora ohitu egiten da erreakzio eta mutur-okertze horietara.

Señora bat oso gauza arriskutsua da, izan ere.

Baina, badakizue zer? Señora bat naiz eta harro nago. Goraintziak hemendik señora guztiei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.