Goiatz Labandibar.

'To pretend'

2025eko abuztuaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hizkuntza bakoitzak baditu ñabardurak, ezin direnak beste hizkuntzetara erabat itzuli. Ez da berdina andre bat edo señora bat izatea. Nola adierazi sabeleko trixtura hori zer den erdaraz, hitz bakar batean? Euskaraz guztiok dakigu zer sentitzen den sabelean tristura daukazunean, baina hori ezin da azaldu tristeza edo tristesse hutsarekin.

Ingelesez, to pretend aditza da nire faboritoa. Badu zerbait itzulezina dena, baina guztia barne biltzen duena. Eta uste dut oso egokia dela gure herri honetarako. Maiz pretenditzen baitugu, edo itxurak egiten baititugu, herri utopiko batean bizi garena. Itxurakeriatan gabiltza bereziki hizkuntzarekin, kulturarekin eta hezkuntzarekin. Euskarazko hezkuntza unibertsalizatua eta bermatua dagoela diogunean —eta euskarazko hezkuntzari atxikituta, euskal kulturaren transmisioa—, itxurakeria hutsean gabiltza. Euskararen arnasguneak daudela diogunean, itxurakeria hutsean gabiltza. Erabakiak hemen/guk hartzen ditugula diogunean, itxurakeria da. Eta beste zenbat halako. Berri Txarrak-ek abestu zuen bezala: «Gure gezur propioak sinetsi ditugu».

Itxurakeria izan daiteke, akaso, to pretend-en euskarazko balioa. Baina itxurakeria substantibo bat da. Eta ez aditz bat. Eta, barka, euskara maitea, baina to pretend-ek badu indar bat itxuratu-k ez daukana.

Pretenditu nahi dugu bataila guztiak irabazi ditugula gehienak galdu ditugunean. Baina bai, badakit askoz gogorragoa dela galtzaile bizirautea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.