Tripa bigun bat, hirutan tolestua. Tripa gogor bat, seitan zatitua. Tripa zimur bat, tripa zahar bat, tripa zabal bat. Tripa bat baduena apendizitis-orbain bat, piercing lirain bat, zilbor ertain bat, brontzeadore ahal bezainbat. Tripa baten azalera osoa eguzkiak txigortua, tripa baten tolestura guztiak izerdiak okupatuak. Barruan tripa txikitxo bat daraman tripa borobil bat. Gainean daraman ile-matazak ondo ikustea oztopatzen didan tripa bat. Ildaskak eta saihets markatuak, zesarea-markak eta azal higatuak, ile-ilarak, orinak eta garatxoak.
Hori ikusi dut hondartzara iritsi naizenean, iritsi eta berehala. Ezin dut saihestu erradiografia: nire barruko neska nerabeari alarmatxo bat pizten zaio tripa, titiak edo izterrak erdi bistan izango dituen aldiro. Ahots txiki horrek behar du jakin zer gorputzek inguratuko duten, zer gorputzen ondoan biziraun beharko duen arropek babestu ezin dutenean. Hondartzara iritsi eta tripa horiek guztiak ikusi ditut segundo pare batean, eta kamiseta eranzteari ekin diot ondoren, poliki. Ekin diot nire tripa bigun, pekatsu, zuri-zuria agerian uzteari.
Zaila egin izan zait beti. Ez zait askorik gustatzen. Ez dut ia inoiz egiten. Baina lagunak uretan daude nire zain, ikusi nautenean oihuka hasi zaizkit, eta arropa azkar-azkar erantzi dut haiengana jolastera joateko, tripa bat badudanik ere ahaztuta.