Yasmine Khris.

«Um casal de Belém»

2026ko abuztuaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamazazpi urterekin, uda ia osoa eman nuen portugesa ikasten. Hizkuntza horretarako garatu nuen interesa azalezina zen, baina barruan banekien fruituak izanen zituela: egunen batean Brasilera joanen nintzen portugesez hitz egitera.

Bada, eguna iritsi da: opor aste hauek beste hemisferioan pasatzen ari gara, ustez negua den tokian. Bidaiak Brasilgo Nordeste eskualdean egin du debuta, tradizioz petista izan den feudoan. Pernambuco estatuko hiriburua Recife da, merkataritza gune oso bizia, baina Olindaren oroitzapen pintoreskoagoa gordetzen dut, antzinako hiriburua eta garai kolonialaren aztarna, etxe koloretsuak eta kale harriztatuak. Alto da Sé-n geundela, herriko punturik gorenean, gizon zahar bat hurbildu zitzaigun, eguzkitik babesten zuen kapela zuela eta gitarra txikia eskuan, kantatuz: «Olha quem está, olha quem vem/ têm cara de gente que faz o bem/ seguro seja um casal de Belém».

Buruan nituen zalantzak hurrengo geldialdian baieztatu ziren. XIX. mendeko etxaldea da Estaçâo de Luz, gaur egun berritu eta museo bihurtua, eta Alçeu Valença abeslariari buruzkoa: repente edo cantoria Brasilgo Nordeste-ko arte poetiko-musikala da, eta ahapaldien inprobisazioa du ezaugarri, hau da, aurkezpenaren unean errimetan konposatzea.

«Aizu, Brasileraino joan behar izan dugu bertso batzuk egin diezazkiguten!». Derrepente, hotzikara batek zeharkatu dit gorputza abenduko hotza gogoan Iruñean (benetako negua!), txapelketako finalean bertsorik finenak entzunen ditugunean. Uda on zuei ere!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA