Usain batek funtsezko lau elementu dituela dio adimen artifizialak: atalasea, edo usain bat antzemateko behar dugun gutxieneko kontzentrazioa; intentsitatea, edo usain bakoitzaren indarra; kalitatea, edo usain bakoitzaren nortasuna; eta, azkenik, tonu hedonikoa edo usain bakoitzak gugan eragin lezakeen atsegintasun maila.
Hedonismoa eta usainak uztartzearen alde, ni neu. Biziraupenerako tresna baino gehiago, sudur zorrotz eta luze hau gorputzak sentitzeko eman didan beste tresna bat dela pentsatu nahi baitut. Besterik ez bada ere, hezurrez eta azalez okupatzen dugun bizitza oroitzapenetan eta ametsetan soilik habitatzen dugun munduarekin lotzeko usainek duten ahalmenagatik.
Uda usain bat balitz, niretzat baina-patatarena litzateke; lekek egoste puntuan jariatzen duten lurrin hori. Amona Mariajesus eta aitaren jaiotetxeko sukaldea, eta hango harraska erraldoian txikitan hartzen genituen bainuak.
Bizitzak oroitzapenak erauzi zizkion amonari, ametsak ere bai akaso. Hezurrez eta azalez bakarrik habitatzen zuen ia-ia mundu hau eta, hala ere, doinu bat sortu zuen bere eldarnio auskalo nongoetan. Gure aitak, errepika hori hartuta, abesti bat ondu zion pianoan, eta ezaupiderik jada ez duen gorputz batek senti dezakeena irakurri genuen amonaren masail zargalduetako arrasto hezeetan.
Baina-patatak prestatu dizkiet haurrei eta, egoste puntura iritsi direnean, neure buruari galdetu diot noiz arte ote garen gai lurrinen bitartez sentitzeko; noiz galtzen ote dugun gure biografiako bide fragantziazkoen mapa.