Maria Oses Saiz

Zeru ilunak

2026ko abuztuaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Badakizu zeru ilunak zer diren?», galdetu zion Ursula K. Le Guinek David Naimoni oporretarako plan proposamen baten eske deitu zionean. Oregongo Steen mendiak omen dira Estatu Batuetan benetako iluntasuna ikus daitekeen leku bakarrenetarikoak, argi-kutsadurarik gabe izarrei begiratzekoak.

Denbora dezente pasa dugu mendian aurtengo udan, inoiz baino gehiago. Zurrunbilotik irten, izterrak nekatu, zuhaitzen, arroken, errekastoen erritmoei begiratu eta haienera egokitu; hori eskatzen zigun gorputzak. Gauza bitxia da lokatz eta sastraka artean denbora bat ematen dugunean gure hausnarketek hartzen duten mistikotasun-maila. Badute zerbait, tinko eta mugiezin, mendeen joanaz eta dotorezia barez begiratzen dizuten harkaitz-blokeek.

Laku baten ondoan, haran baten erdian jarri genuen kanpalekua. Hantxe pasako genuen gaua. Eguzkia bere bidea egiten zihoan, poliki; begiak eta azala zimurraraztetik zuhaitzen artetik itzala ematera, mendien atzetik eskutxoa altxatu eta agur esatera. Eta, orduan, zeru iluna. Kanpin-denda barrutik begiratu genion belztasun absolutuari, eternitate ikusgarriari, misterioaren lurraldeari.

Naimonek dio, azken garaiotan, naturari begiratzea ekintza politikoa dela ezinbestean: zeruak gure argia islatzen badu bestetasunaren argia beharrean, txiki sentitzeari utziko diogu. Gau hartan, kanpin-dendatxo haren barruan, isiltasunaren eta iluntasunaren erdian, zirrara sortzen zigun inguruak, eta beldurra gauza bakar batek: gure moduko bat agertzeak, baina asmo txarrekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA