Power pointak balio dezake. Poesiak balio du. Biak nahastean, eta are gehiago propio nahastean, etortzen dira arazoak. Sortu, lehendik sortuak ziren noski, baina azalpenaren moduak arazo horiek konponbidean jartzeko edo estaltzeko erabil ditzake azaltzailearen nahieran.
Power pointa jasotzaileak mezua errazago jaso dezan, edo jasan dezan, erabiltzen da. Aia egina ematen zaio jasotzaileari informazioa, teorian. Hitzak aski ez, edo asko, eta lagungarri baten beharra premiazkoa balitz bezala jokatzen du azaltzaileak. Eta ez dakit beti hala den. Egungo gaztetxo askori galdera egin bat-batean ehuneko ehun eta hogeia posible den eta dudan geratuko dira zenbait eta batzuek ezetz erantzungo dizute, ez dela posible. Tarta-k ikusten ohituak daude. Eta hala da. Tarta horietan ehuneko ehuna baino gehiago ez liteke. Laurogei urteko torlojugileak baietz erantzungo dizu. Kontua da, neronek, ongi egindako zerbait aurkeztu behar banu, lasai joango nintzatekeela eskuak patrikan. Eta gaizki egindako zerbaiten azalpenak eman behar banitu, orduan eta propio, konplikatuko nukeela aurkezpena, irudi, tarte, tarte eta gainerakoekin. Aia bezala eskaini morokilak morokil segi dezan, alegia.
Poesiarena larriagoa da. Politika edo ekonomia kontuak azaltzeko poesia merkera jotzen duena zerbait ezkutatzen ari da seguru-seguru. Kimu berdeena izan zen sartu zizkiguten zirietariko bat; tunela eta tunelaren amaierako argia politikari eta ekonomialari askok aipatu dute; azken trena eta andenarena ez gutxiagok. Martin Luther King geroztik «ametsa» aipatzen duenaz ez gehiegi fio… Edozer gauzari deitzen zaio gaur aditu eta edozer gauzari metafora.
Joan zen udaberrian, astebeteko tartearekin, Donostian izan nintzen, bietan Kursaalen, bertso batzuk botatzera gonbidatua. Ekitaldietako bat Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatua zen eta kooperatiba ez diren lantegietan langileen parte hartzailetzari buruzkoa zen gutxi-gehiago. Kaletarrei ahotsa jartzeko gonbidatu ninduten. Bestea Elkargiren batzarra zen, buruzagitza aldaketa ardatz zuena eta han berriz, agintaritzatik irtetera zihoanari bota behar nizkion bertso batzuk, bertsozalea baita.
Hitzaldiak erne samar entzun nituen batean eta bestean, gero bertsotarako garaian zer esana izan nezan. Hizkuntza ulertzen nuen, euskara, gaztelera, edo kaskoetatik zetorkidan itzultzaileena, eta bazirudien zerbait ulertu nuela. Baina aste haren buruan, neure buruarekin zintzoa izatera, ez nuela piperrik ulertu onartu baino ez nuen izan. Kokolo konplexua sartu zitzaidan. Ni iristen naiz ulertzera lantegi bat komenientziaz ixten duen nagusiak beste batekin edo birekin lasai ederrean segi dezakeela, jabetza izena aldatuta soilik; proiektuaren parte sentitzen ez den langileak aurpegi handi-handia badu absentismora jotzen duela aisa; patrikak ongi beteak dauzkan nagusiak aski duela «insolvente» jotzea bere burua, epaiketa batek ez diola kilimarik ere egiten eta azkenean, berandu eta gutxi, Fogasak ordaindu behar izaten diola langileari. Nire adimena horretarainoxe iristen da. Eta horrelakorik ez nuen entzun ez jardunaldi batzuetan ez besteetan. Eta luze aritu ziren…
Fagorrekin gertatuak ekarri dizkit udaberrikoak gogora. «Langileak, bazkideak, nola ez ziren lehenago konturatu hainbesteko zuloa egiten ari zirela eta irtenbiderik ez zutela?» da kalean entzun daitezkeen galderatako bat. Niri ulertzekoa iruditzen zait. Gero eta konplexuagoa da mundua eta, batik bat, gero eta konplexuagoak dira konplexutasun hori azaltzeko moduak. Irten zaitezke bilera informatibo batetik edo asanblada batetik dena ulertu duzulakoan, piperrik ulertu gabe. Ulertu bezala eginda. Eta gainera, presaka eta oso ongi bizi ginen. Igual ondoegi. Kontatu didate Udal Batzarrek askoz gutxiago irauten dutela Txapeldunen Ligako partida den egunetan.

Plazatik
Morokila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu