Elurre Iriarte Bañez.
ELE

Natura morta

2021eko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Lagun batek egunero gosaltzen du, parean Morandiren natura morta koadroaren kopia bat duela. Makur dago. Ez omen zaio gustatzen makur dagoen koadro bat, baina behin gosaltzen hasita, gutxiago gustatzen omen zaio zuzentzera altxatu behar izatea. Saiatu da iltzea mugitzen, eskarpia zuzentzen, markoa atxikitzen, baina ez da manerarik. Onartu beharko du, akaso ez da hori bere lekua, baina lagunaren abilezia faltak hor mantentzen du. Bizitzaren metaforaren bat izanen dela erran dit irri-murritza eginez.

Gaur idatzi dit, metafora ikusi duela erranez. Gernikako arbola kanta herri ereserki gisa proposatzeko sinatzea eskatu diote. Ereserkiaren beharrik ez du ikusten berak, egitekoa duzun etxearen egongelako paretan paratuko duzun koadroan pentsatzea bezala dela dio. Baina, independentzia lortzeko bidean duen etsipena animatzeko, baliagarria zaiola ereserki bat. Ez Gernikako arbola, bistan da, ez du batere motibatzen, aspalditik utzi ditu bedeinkazioak, jaungoikoak eta sainduak bere kantagintzan. Baina bai ereserki bat izateak. Kanta zalea da, eta badaki on eginen diola denak elkarrekin herriaren alde kantatzeak.

Eta hala erabaki du lagunak Morandiren koadroa dela ereserki proposamen hori. Erran nahi baita, Gernikako arbola kanta gure herri-sukaldean makurra geldituko dela beti, ez dela hori bere tokia. Hor dabil laguna, zer egin pentsatzen: etxeko bertze koadro batekin saiatu, berri baten alde egin... Argi duen aukera bakarra da ez duela etengabe natura morta zuzentzen ibili nahi, gosariak kontrako zintzurretik abiatzeko aukerarik ez izateko.

Luze gabe bisitatuko dut, zer erabaki duen ikusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.