Tere Maldonado.
Filosofia irakaslea

Nazka estetikoa ikuskizun globalaren aurrean

2026ko otsailaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Dozenaka aldiz esan da dagoeneko: urteko lehen asteetan, planeta-geopolitikak erakutsi eta irakatsi digu gure mundua zenaren oinarri politikoak hondoratu egin direla (ustezko euskarri etikoak dagoeneko kolapsatuta zeuden Gazaren ondoren). Egun gutxi hauetan, kontua goitik behera ikertua izan da. Gaitasun itzela dugu mundua analizatzeko. Ez, ordea, munduaren norabidea aldatzeko. Dozenaka artikulu irakurri ditugu honelako planteamendu batekin hasita: «Une historiko batean gaude non…». Dena esanda dago baina ikuskizuna ez da amaitu. Nik hau gomendatuko dizuet: Carlos Fernandez Liria filosofo espainiarraren azken entrega bere online bideo-kanalean (gazteleraz), gertatzen ari dena harremanean ipini baitu Ilustrazio iluna izeneko eskuin muturreko pentsalariekin. Gomendagarria bezain izugarria. Primeran azaltzen du panorama ikuspegi filosofiko batetik.

Nik, fribolitatera jo nahi izan gabe, nabarmendu nahi dut hemen urrats bat egin dela, asko komentu ez dena: disimuluaren desagerpena. Behinola, eskrupulu estetikoek itsusitzat hartzen zena hipokrisiaz ezkutatzea eskatzen zuten. Oraingo ikuskizun gozakaitzak auzo-lotsa itzela sortzen du eta oso desatsegina da, gutxienekoa esateko, baina ez da disimulatzen. Badirudi horretan datzala jasotzen ari garen biraketaren parte bat; ez gauza jakin batzuk egitean, baizik eta egun-argitan eta lotsagabeki egitean, ezkutatzeko inolako asmorik gabe.

Eta jende xeheak antzarak ferratzera bidaliko balitu aldrebes hauek guztiak, arrazoi etiko, politiko, sozial edo ekonomikoengatik ez bada ere, nazka estetiko hutsagatik behintzat?

Egiaz, aurretik zetorren joera da, eta bereziki Benjamin izeneko batek erakutsi du bidea, gauza izugarriak, krudelak eta kriminalak eginez, plantak egin gabe. Ankerkeria horiekin alderatuta, hona ekartzen dizuedana txikikeria hutsa da, onartzen dut: itsusia, desatsegina, ez-beharrezkoa, duintasunik gabekoa, lotsagarria, besterik ez da. Ikus dezagun: Donaldek bularrean kolpeak jotzen ditu txinpantze baten antzera eta oihu egiten du bera indartsuena, aberatsena eta zakil luzeenekoa dela, eta hobe dugula denok berarekin kontuz ibiltzea (Rufian jaunak adierazi zuenez Espainiako Kongresuan: institutuko pasilloan harrokeriaz doan bully hutsa da, bidean topatzen dituen denei zaplaztekoak emanik). Corinak, irribarre behartu batekin, Donaldi bere sariaren erdia eskaintzen dio. Delcyk bere herrialdean gertatzen ari dena normala dela dio eta duina izatearen itxurakeria egiten du, denok gizatxarkeria ikusi dugula jakitun egon arren.

Baina historia honi amaiera bikaina, momentuz behintzat, gure Josu Jonek ipini behar izan dio, Mexikoko golkoari Amerikako Golkoa deitu zionean eta, menpekotasun infinituko keinu batean, Galaxiako Enperadorearen oinetan jarri zenean, haren botak miazkatzeko, kamerak hor zeudela jakinda. Baina zer da hau, herrixka globala ala ikastetxe pribatu bateko patioa?

Metafora ospetsu eta argigarri batean, La Rochefoucauldek adierazi zuen hipokrisia dela bizioak bertuteari egiten dion omenaldia. Gaiztoenak ere ezkutatu behar ditu bere ekintzak publikoaren aurrean; ezin da harrotu gauzatzen duen gaiztakeriaz. Indartsuak ahulari kentzen dionean zerbait (askotan gertatzen da hori) ez du harro agertzen harrapatzen badute, zatarra litzateke hori; aitzitik, orain gutxira arte ohikoena lotsatzea zen. Amaitzen ari den munduan, gaurkoan bezalaxe, torturatzaileek torturatu egiten zuten, bai, eta salatu egin behar zen, orain bezala; baina desagertzen ari den mundu horretan ez zuten argitaratzen (beharbada zirkulu pribatuetan harroputz agertuko ziren; publikoki, ordea, ukatu behar zuten). Salbuespen gisan, denbora luzez indarrean egondako inpunitate patriarkala dugu, aurrekoa ez baitzitzaion emakumeen aurkako indarkeriari aplikatzen, bereziki sexu-indarkeriari dagokionean. Baina gainontzeko arloetan, hipokrisiaren, ezkutatzearen eta ukazioaren mekanismoak martxan ipintzen ziren automatikoki. Jakina, gezur mota hauek guztiak ez ditugu hemen goraipatuko baina, atzera begiratuta, hipokrisiak eta disimuluak zibilizazioaren seinalea dirudite.

Josu Jon, Corina, Delcy, Donald: maite zaituzten lagunik, zuen duintasuna babesten duen bikotekiderik, errieta egiten dizuen gurasorik ez baduzue, txoko honetatik esango dizuet ahopean: egin duzuena oso itsusia da. Aberatsena eta boteretsuena zarelako burgoitzea; boteretsuenaren oinetan arrastaka ibiltzea sugandila bazina bezala; sudurra altxatzea beste aldera begiratuz doilorkeria agerikoa denean; boteretsuenari koipea ematea barregarri geratu arte (Maria Corina, maitea, Nobel saria ez da eguerdiko hamaiketakoa, ez da partekatzeko zerbait)… ez egin, serio. Eta egiten baduzue, ez egin fokupean, ezkutatu apurtxo bat, ez muntatu ikuskizunik. Lizunkeria da, nazka sortzen du.

(Ezustekoak ezusteko, hona hemen amets busti bat: eta hau izango balitz urak gainezka egiteko falta zen tanta? Eta galaxiako jende xeheak antzarak ferratzera bidaliko balitu aldrebes hauek guztiak, arrazoi etiko, politiko, sozial edo ekonomikoengatik ez bada ere, nazka estetiko hutsagatik?)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA