Denda bati, taberna bati, enpresa bati izen ingelesak jartzeko orduan, denak ez dira snobak, sasi-kosmopolitak, Hartuko-Nukeko markesak. Badira erabakia linguistikoki-edo formulatzen dutenak ere: euskararen eta gaztelaniaren arteko talkarik gerta ez dadin —euskaraz jarrita erdaldunak mindu nahi ez, gaztelaniaz jarrita euskaldunak nahi ez mindu— irtenbide polita omen da ingelesa txartelak edo esloganak bezalako mezu funtzionaletarako, baita dendan edo tabernan ibiliko diren bezero guztiz gehienek, oh my God, ingelesez ez badakite ere; baita jabeak dakien ingelesa, oh my goof, lotsa bera gorritzeko modukoa bada ere; baita negozioa jarri nahi den herrian, oh my gold, turista gutxi ibiltzeaz gainera, haien artean ingelesik ez bada ere. Denekin ondo gelditu nahiak denekin porrota.
Buruan darabildan galdera bat jarri nahi nuke zuen kabaletako galdaran: hala argumentatzen duten gehienak euskaldunak ote ala erdaldunak?
HITZ BESTE
Negozioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu