Donostialdeko ESIko familia medikua

Nekea ez da purismo politikoaz elikatzen

Raquel Gonzalez Miguel
2026ko otsailaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Adrian Unai Zelaia Arieta-Araunabeñaren artikuluak eztabaida garrantzitsua mahaigaineratu du, baina, nire ustez, fokua oker jarrita: nola kudeatu behar dugu gure lan borroka deialdiak muga administratiboak gainditzen baditu eta eskuin muturraren itzala hurbil badabil? Donostialdeko ESIko Lehen Arretako mediku gisa, abertzale eta ezkertiar gisa, nire errealitatea ez dago bulegoetako analisian, eguneroko lubakian baizik.

Adrian Unai, ulertzen dut zure mesfidantza politikoa, baina 24 orduko guardiek —edo atsedenik gabeko 17 orduko jarraipenek— berdin-berdin lehertzen gaituzte Donostialdeko ESIan zein Madrilgo La Paz ospitalean. Pazienteen segurtasuna jokoan dago. Osasun Ministerioak Medikuaren Estatutu propioa arautzeko giltza badu, ezin naiz zain geratu Euskal Errepublika iritsi arte nire lan baldintzak duintzeko. Nire lehentasuna gaur osasun publikoa eta nire osasun mentala dira, ez deialdiaren atzean nor dagoen.

Zuk «espainiartzea» deitzen diozun horri, nik langile klasearen batasuna deitzen diot. Medikuak langileak gara, eta gure arazoak (MIR sistema zaharkitua, espezialista falta, prekaritatea) estatu mailakoak dira. Patronala eta kapital sanitarioa ezin hobeto koordinatuta daude; guk gure borroka muga administratiboen arabera zatitzen badugu, ahulagoak izango gara negoziazioan.

Baina gure gatazka ez da bakarrik estatu mailakoa, gure etxe barruko egiturazko arazoa ere bada. Lehen Arretan, «mugarik gabeko» agenden errealitateak kondenatu egiten gaitu.

Egunero 40, 50 edo 60 paziente artatu behar ditugu, kalitatea zenbakien azpian lurperatuta. Nola artatu behar dugu duintasunez eta segurtasunez patologia konplexu bat duen paziente bat, gure kudeatzaileek sei minutu baino ematen ez badizkigute? Prekaritate horrek ez du mugarik, eta gure erakundeek, Osakidetzak eta Osasunbideak, urteak daramatzate murrizketak egiten eta langileak gaizki tratatzen. Gure erakundeek ez badute jakin gure osasungintza blindatzen, estatu mailako gutxieneko estatutu bat lortzen saiatzea ez da traizio bat, autodefentsa neurri bat baizik, gure kudeatzaileen utzikeriaren aurrean.

«Greba honetara joateak ez dakar euskarari uko egitea, ezta gure autogobernua mespretxatzea ere. Atseden hartzeko eskubidearen, agenda jasangarrien eta prekaritatearen amaieraren alde noa grebara»

Voxek greba babesten duela diozu. Hain zuzen ere, horregatik joan behar dugu! Mediku abertzale eta ezkertiarrok etxean geratzen bagara, protestaren monopolioa eskuinari oparituko diogu. Guk joan egin behar dugu, gure aldarrikapen propioekin (euskara, kudeaketa deszentralizatua), eta erakutsi osasun publikoaren defentsa ez dela Voxen edo Ayusoren bandera, langileona baizik. Espazioak ez oparitzea da gure erantzukizun politikoa.

Greba honetara joateak ez dakar euskarari uko egitea, ezta gure autogobernua mespretxatzea ere. Atseden hartzeko eskubidearen, agenda jasangarrien eta prekaritatearen amaieraren alde noa grebara. Nire konpromisoa hizkuntzarekin eta Euskal Herriaren burujabetzarekin egunerokoan erakusten dut, kontsultan eta militantzian. Lan araudi duin bat eska daiteke estatu osorako eta, aldi berean, hemen gure errealitate nazionala errespetatzea exijitzen jarraitu. Ez dira borroka kontrajarriak.

Laburbilduz: nekeak ez du mugen berri, ezta agendak betetzen dituzten paziente konplexuek ere. Etsai politikoarekin bat egiteko beldurrez geldi geratzeak egoera prekarioan mantentzen gaituztenei soilik egiten die mesede. Osasun publikoaren alde, mugarik gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA