Eta euskaldunerdi. Eta euskaldunerbi. Euskaldunerdi nintzela, mugatuta nengoen; erdarara jotzen nuen zailtasuna nuenean, kosta egiten zitzaidan erabat askatzea. Mugatuta nengoen.
Euskaldunerbi nintzela, mugatuta nengoen; erdarara jotzen nuen batzuetan, baina barrutik, kosta egiten zitzaidan euskaraz pentsatzea, itzulpena barruan egin eta kanporatu egiten nuen emaitza.
Eta hor dago koxka. Hizkuntzak komunikatzeko balio du,bai; baina, batez ere, pentsatzeko balio du hizkuntzak. Komunikatzean, besteak ere ulertu behar du; pentsatzean, bakarrik zaude eta zure buruarekin ari zara... Errespetua eta inbidia, horra hor nire motibazioa(k): besteen hizkuntz ohiturak ez bortxatzea eta beraiek bezala ezin hitz egitea. Hortxe bukatzen da nire kontua. Euskalduna naiz.
«Euskaldun berri?», eta bi erreakzio ikusi ditut: miresmena, zerbait ikaragarria egin banu bezala (Larramendiri galdetu), eta mespretxu moduko bat («Ze eakutsikoit nei onek?»). Ez bat, ez beste.
Lehenengoan ez dut aitzakiarik, ez dut ezer miresgarririk egin, ez dut sufritu, ez dut inongo errekorrik jarri. Koherentea izan uste naiz, papo! Bigarrena bi modutan entzun dut. Batzuetan niri zuzenduta. Bestetan orokorrean.
Lehenengoak ez nau kezkatzen... ikasi dut harro izaten. Behin edo behin erantzun dut, «hik nik adina jakiteko, bi gauza behar dira: hik asko ikasi eta nik asko ahaztu». Ez da oso txukuna, baina eraginkorra bai. Eta horrexek kezkatzen nau: ez al dira konturatzen ez dela nahikoa «amaren tititik hartutako euskara».
Orokorrean botatakoa iruditzen zait larria. Gaur egun ez da oso ohikoa baina, garai batean, euskara batuaren kontra erabiltzen zen: «euskaldun berri» horrek... Hatxearen kontua zen baina nik ez nuen bizi, artean erdalduna nintzen.
Nire ustez, hor dago koxka nagusia. Nire adineko (56) euskaldun alfabetatu gehienek euskaldundu berriak dira. Aztertu 70eko testuak eta gaur egungoak (izenik jarriko nuke, baina ez dutbaimenik eskatu). Nire ingurua aztertu eta garbi ikusten dut... koinatuak (koinatarik ez dut egoera horretan), lagunak, lankideak. Horiek egin dute esfortzua beren betiko euskara normalizatzeko. Etxekotik eskolakora, ahozkotik idatzira, koadrilatik bilera formaletara. Eta aldaketa hori Gipuzkoan gogorra izan bazen, zer esanik ez Bizkaian; beste euskalkietan ez naiz sartuko.
Eta omenaldien kontrakoa naiz. Behin eskaini zidaten erdaldunetik euskara-irakasle izatera pasatzeatzeagatik opari bat... Azak eman.
Euskalduntzea ez da saritu beharreko kontua, seme-alabak edo gurasoak ondo zaintzea ez den bezala.
Bukatzeko, euskaldun bihurtzea ez da euskaltzale izatearen saria, ondorioa baizik.
Ni euskaldun berri izan nintzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu