andoni egana
PLAZATIK

'Nire semea'

2017ko martxoaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aspaldi entzundako pasadizoa da, eta erositako prezioan salduko dut. Lagunarte batean omen zegoen Lazkao-Txiki, mahai jiran. Jario handiko hiztun bat ari omen zen, «nire etxean halako» eta «nire etxean beste hura». Tximetaraino egingo zuen lazkaotarra, nonbait, eta berak hartu zuen hitza: «Hi ari haiz honi eta hari buruz, baina iruditzen zaidak ez dakiala uste adina. Euskaraz, ez duk 'nire etxea' sekula esan izan. Esaten duk 'gure etxea'. 'Gure etxea', 'gure alaba'... dena hola». Guk ikasitako euskaraz, behintzat, bai. Zuzenketak min ematen du askotan, eta laguna pipertu egin omen zitzaion Lazkao-Txikiri. «Ño! Dena 'gure' esan behar al da? Orduan, zer esan behar diat, 'gure andrea'?». Eta Lazkao-Txikik, irribarrea begietan erantzun omen zion: «Hik, badaezpada, bai».

Ez dakit txiste matxisten soka luzatzea den pasadizoa argitara aterea. Dakidana da joan den astean Emakumeen Nazioarteko Eguna zela-eta guztioi jarri zaizkigula begi-belarriak erne. Eta hori beti da mesederako. Iragarki eta lelo on askoak sumatu ditut batarenak zein bestearenak. Horietako bat, hain zuzen ere, Emakunderena, non gizon gazte bizardun batek txiste matxisten katea beregan amaitzen zela zioen. Beste iragarki batek ere eman zidan atentzioa, beharko eman, BERRIAren lehen orrian baitzetorren. Honela zioen gizonezko bizardun antiajuekiko baten irudiaren ondoan: «Berdintasuna nire baitan ere hasten da. Nire semeak amarena du lehen abizena». Eredu patriarkalak ezarritako arrastoetariko bat da abizenarena. Lehena aitarena, jakina; amarena, bigarren. Eta askok eman dio garrantzia urteetan zehar abizena gordetzearen —aitarena- noski— horri. Norbere izaeraren segida abizenean balihoa bezala. Ezagutu izan dut alabak soilik izan zituen aitaren bat bere ondoeza azaltzen abizena galtzera zihoala eta. Egun, zorionez, ekitaldi askotan izendatzen gaituzte aita-amen deiturekin, biekin; orain, badira inguruan iragarkikoa zihoan modura lehen deitura amarena daramaten haurrak; joan zen astean, futbol talderen bateko jokalariek ohiko aitarenaren ordez amaren deitura eraman zuten elastikoen bizkarraldean...

Halere, ogibideagatik segur aski, zorroztua daukat radarra, eta iragarkia ikusi ahala detektatu zidan zerbait, eta pipika hasi. Lazkao-Txikirena etorri zitzaidan gogora. «Nire semeak» du lehena amaren abizena ala «gure semeak»? Ez hain estua eta piperkritikoa izateko agindu nion neure buruari, badirela egun familia eredu askotarikoak eta «nire seme» edo «nire alaba» izan daitezkeela egungo umeak. Erabaki nuen, akaso oker erabakia, gazteleraz pentsatu eta euskarara itzultzetik gehiago zukeela esaldiak propio deliberatutik baino. Asmoaren aurkako zerbait ari zitzaidan adierazten. «Nire etxea egoki dekoratu dut» liokeen iragarkiak ez lidake hainbesteko zer pentsaturik emango. -ren ordez nire jarri dute, eta kitto. Baina, kasu honetan, muinaren aurka doa azala, eta, beraz, ez da hain axal. Euskararen aldeko mugimenduak badu zer ikasirik mugimendu feministatik, eta feminismoak ere, neurri txikiagoan bada ere, balia dezake euskararen ekarpena.

Nolanahi ere, ez dirudi hankasartze handia Martxoaren 8ak onerako mugiarazi duen guztia kontuan hartuta. Gainera, besterenaren alboan norbere akatsak jartzea komeni dela iruditzen zait. Adiskide batek gogorarazi zidan duela gutxi. Orain hamabost-hogei urte, ez dakit zein izango zen jarri zidaten gaia, bizitzari edo zorionari buruzkoa segur aski, eta halatsu kantatu nituen bertso luze baten puntu motzak: «Ondo doakit guztia, alaba daukat eztia, semetxo basa-piztia...». Gaur ez nuke horrela esango. Errimatu beharra ez nuen aitzakia. Batekoz bestera bota nitzakeen. Mentalitatea zen. Nire mentalitatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.