Emantzipazio nazionaleko egitasmo batek gizartearen sektore nagusien babesa behar du, leku onera iritsiko bada. Badira sektore batzuk, beti klasismoarekin lotu izan ditugulako, proiektu horietatik beti urruti samar ikusi izan ditugunak. Gogoan ditut mediku asko, injustua litzateke denak esatea, oso klasista ziren garaiak. Familia jakin batzuetako seme-alabak bakarrik, alabak ez horrenbeste, joaten ziren medikuntza ikastera, eta mediku horien jarrera oso klasista izaten zen gaixoarekin, eta erizainekin.
Arkitekoek osatu ohi dute azpisail horietako bat. Gurean behintzat, ez euskaldun, ez abertzale. Horregatik eman dit sekulako ilusioa Kataluniako arkitekto independentziazale batzuek aste honetan plazaratu duten lanak. Espainiako Estatuak Katalunian dauzkan jabetzen katalogoa egin dute, eraikinez eraikin, egoitzaz egoitza, bulegoz bulego, sezesio prozesuamartxan jartzen denerako, jakiteko zein ondasunen gaineko negoziazio ekonomiko egin behar duten bi estatuek. Hrmonian dibortziatzen diren bikoteetan bezala.
«Zerrenda egitea da errazena», esango du bakarren batek; hala da, baina hortik hasten da negoziazioa, eta zerrenda eginda edukitzeak bidea erraztuko du. Ondasun bakoitzaren prezioa adosteko orduan etorriko da desadostasuna, mendeku prezioak jarriko baitizkio Espainia zaharrak Katalunia berriari. Ez alferrik. Zertarako nahi ditu Kataluniak Espaniako armadak Kataluniako lurretan dauzkan kuartel zaharrak? Zertarako Bartzelonako Colon inguruan daukan Gobernu Militarra edo handik gertu hainbat metrotara dagoen Itsas Komandantzia? Ezertarako ez.
Lainoetan egindako ariketatzat joko dute askok Kataluniako arkitekto independentziazaleek egindako ariketa. Horiek egin dute bere lana, inork ez die esango egin ez dutenik.
Guk badaukagu arkitektura fakultatea.

ENBAXADA BILA
Ondasun banaketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu