Gila umore sortzaile espainiarrak grazia egiten zigun telefonoa hartu eta gerrarako kasko eta uniformeaz elkarrizketa ehuntzen zuelarik. «Bai, kaixo, egun on, etsaia al zara? Bai? Begira… mesedetxo bat eskatzeko deitzen nizun. Jakin nahi nuke ze asmo duzuen gaur bazkalondorako. Izan ere, guk lauretatik seiak ingurura mus txapelketa bat antolatu dugu eta… Bai. Lauretatik seietara. Baina badakizu zer den musa, akaso luzatu egingo zaigu txapelketa. Bai. Deitu dizut jakin dezazuen ordu epe horretan ez erasotzea eskertuko genizuekeela… Ez! Hiruretatik lauretara ez! Lauretatik seietara! Beno… zazpietara apunta ezazu badaezpada».
Musa eta gerra. Gerra eta musa. Bi egoera jakineko eta oso muturrekoak elkarrekin nahasteak absurdora garamatza, eta absurdoak, askotan, irri egitera.
Opor usaina hedatzen hasi da uztailaren erdia iragan dugun honetan. Eta sekula baino kontraesankorragoa da «opor» kontzeptua aurten. Asko baitira oporrak jatorrizko zentzuan hartuko dituztenak. Alegia, urte osoan lana beltz egin ondoren, nagusiak «barkazio» gisara emandako egun batzuk izango dituzte jai, itzuleran produktibitatea hobetu dezaten helburuz, eta ez sentiberatasunak eraginda. Nagusiak badaki arnasa eman behar zaiola langileari, Japonian Karoshi sindromeaz ezagutzen dena gerta ez dakion, ez dadin lan egin beharraren egin beharrez hil. Beste batzuek oporrak izango dituzte, baina legeak eta giza-legeak aginduak baino laburragoak, nagusi batzuk trebeak baitira, batetik kendu eta bestetik moztu, mozkinak lortzen. Eta oporretatik ere horzkada kentzea onartu egin beharko dute langile horiek, egun, kexuka hasiz gero kalerako bidea samurra dela badakitelako, eta badakitelako atean beste ehunka daudela zain, lan hori noiz lortuko eta edozein baldintzari men egiteko prest. Eta beste batzuek ez dute oporrik izango, aspaldian lanik gabe daudelako. Horiei bakazio hitzaren erroa bisitan helduko zaie, mamutua, vacare latinezko aditza ez baitabil gure «hutsa»-tik urrun… baina hutsarteak ere ez baitu zentzurik aldeetara beteko duen zerbait ez badu.
Oporren atarian, arestian aipaturiko opor mota guztiak hartu beharko dituztenak gogoan, ELAk eta LABek irailaren 26rako egin dute greba orokorrerako deialdia. Premiazkoa iruditzen zait egoera honetara eraman gaituztenei hortzak erakustea. Eta ulertzen dut greba orokorra itxuraz antolatzeko astia behar izateaz gain produkzio garaian geratu behar dela produkzioa, inori min ematekotan. Ez dut beraz, kasu honetan, iragarpen eta burutze datak bata bestetik horren urrun egotea kritikatzeko asmorik. Baina gogora ekarri dit udaldiro izaten dudan sentimendu bat. Hilabetez, hegoaldean behintzat, pertsianak jaitsi egiten dira, dena geratzen da eta gerorako uzten. Aisiak eta jaiek agintzen dute. Eta ongi iruditzen zait. Naturala, nolabait esateko, eta merezitako atseden tartea, euren burua beti goiasmotan katigatuta aurkezten dutenentzat salbu. Politikari asko, agintari nahiz oposizioko, beti kontu garrantzitsuez ari dira… baina kontu horiei ematen dieten benetako garrantzia ipurdi agerian geratzen da, urtero, uztailaren bigarren hamabostaldian.
Musa eta gerra Gilak nahasten zituen moduan, nahasteak irria eragiten digun gisan eragiten dit irribarre ozpindua edozein asmo potolo oporrengatik eteten dela iragartzen dutenean. Ez naiz ezer asmatzen ari. Ez zait buruan sekula kabitu hil ala bizikotzat zerbait aurkeztu eta oporretatik bueltan, irailean, helduko diotela berriz gaiari nola esan dezaketen. «Burujabetzaren aldeko aldarria lantzen ari gara, eta oporren ondoren aurkeztuko dugu». «Atez atekoaren aurkako sinadura bilketari orain ekingo diogu, eta, abuztua pasatzen utzi ondoren, irailean ekingo diogu berriz». «Legebiltzarrera gure proposamena oporren ostean eramango dugu». Ez zait inoiz buruan sartu. Gaia hil ala bizikoa bazen benetan, oporraldiak ez lioke erasan behar. Eta oporraldiak erasaten uzten badiozu, baietz esan arren hil ala biziko kontua ez zen seinale.
Plazatik
Oporrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu