Idazten hasi eta nahigabe, izan mesede nahiz kalte / nire lerroek beti hamar ta zortzi silaba dauzkate / bertsoek berri-paper hauetan ez dute hainbeste tarte / Tour kondarreko Astarlozaren segidillatik aparte. Bertso paperak asko ziren lehen jendeek kanta zitzaten / garai batean ez zuten nonbait jolas hoberik izaten / jakin nahi nuen gaur egun gauza bera egin genezakeen / bertsotan esan ez litekeenik ez baita prosan esaten.
Baina bi kode desberdin diren hasia nago galdezka / prosa da gauza serioa ta horrek sortzen digu kezka / prosan Juan Carlos Erregeana hobe da aipatu ez-ta / baina bertsotan ekinez gero, hain gai txarra ere ez da. Aspaldi dabil nonbait Juan Carlos aldaka hautsi, mokor min / aldeko baino aldaka gehio dauzkala dirudi, en fin / operatu dun mediku jauna doan aritu da fin-fin / hobe zun honi latz kobratu ta pobreei debalde egin. Monarkia ta Errepublika, horiek ere bi kode, erregearen familiaren gainbehera ezin da gorde / kataluniarren «tonba»-ren beldur, Txirritana ia hobe / agian bera eroriko da inortxok bultzatu gabe.
Orriak orbel bihurtze hortan udazkena da emankor / aste honetan zenbat egunez izan den sargori sarkor / hogeita hamasei markatzen ditun horra termometro bat hor / arrazoi zuen esan zuenak «udazkena bero dator». Lana zuena langabetu da, biresklabo obreroa / askok alferrik dute Gizarte Segurantza numeroa / beldurra bere baitan daraman hitz bihurtu da «geroa» / udazken hau´re ez da izango merezi bezain beroa. Ia edozer lor dezakete gure ikarak kontrolatuz / gutxi duena ezereztuz ta bere baitan isolatuz/ udazken hontan jardun beharko, kale bete hitz olatuz / antolakuntzak suminduz eta sumindurak antolatuz.
Juan Carlos eta orriak jausi, dena ez da erori aurten / batzuk sumatu berri ditugu ahal dutenik buruxuten / asteon batek galdetu zigun (ta zaila zen erantzuten) / gure iritziz kataluniarrek iada irabazi duten. Iada ta Diada aritu ginen, ta noizko erretiratu / bateko «vía» besteko gida ta untzi erdi-biratu / nahiz ta epeak batzuk hurbildu, ta besteek urrutiratu / kontu batean denok bat geunden: bada nora begiratu. Batzuk zioten «egina dago» pozjario ta durundi / ta beste batek «Katalunia ta Euskal Herria dituk bi» / besteren batek buruan hazka, mesfidatien irudi / «oso pozgarri litzake baina errazegia dirudi». Iritzi bat zen « han atzera ez, aurrera begira daude / hemen derrigor egin gara bi retrobisoreren jabe» / adostu gendun zer komeni zen, paradoxa hutsa hau´re / atzeraka maiz begiratzea begirada maiztu gabe.
Lehen eroriez aritu naiz ta atzerako soaz noski / oroitzapenak Kataluniako haize askeak dakarzki / poema bat ta, Kepa ta Perdin lehen jaunartzeko argazki / beste behin ere iritsi ditu irailak hogeita zazpi. Herri honi gutxik eman diote Txikik eman zion aina / bizikidetza aldetik behintzat, gutxi aipatzen da baina / hamalau urte neuzkanetikan, nahiz bihurritu mingaina / «koreano» da burutik inoz pasa ez zaidan iraina. Lekutan dago hirurogeita hamabosgarren urtea / premizkoa da dagokionak urrats batzuk ematea / herri honentzat latza litzake, zaila luke jasatea / «berrogei urte eta gero hau» bigarrenez esatea.
Zerbait kontatu nahi den garaian ildoa aukeratzen da / prosan jarria gogoratzean memoria beratzen da / baina bertsotan ipiniz gero beti berdin geratzen da / Lete: «Realak cuatro-uno galdu» ia astero gertatzen da. Proba txiki bat nuen helburu hau ez dut sarri egin nahi / bertsoa ere izan daiteke kronikak osatzeko gai / esperimentu hau burututa zuen erantzunaren zai / bertso-paperak ez dakit diren paper-bertsoak behintzat bai.

Plazatik
Paper-bertsoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu