Aritz Gorrotxategik idatzi du joan den aste honetan El Diario Vasco egunkarian daukan zutabean Zalantza bat izenburupean. Aipatzen du oraindik ere ematen direla telebistan Aste Santuan zehar Erromatarren filmak eta prozesioak. Eta horren harira, azalpen bat ere eskaintzen digu: «Nolanahi ere, erlijioaren eta antzerki-adierazpenen arteko lotura hori ez da gauza berria. Greziar tragedia klasikoa sakratutasun testuinguru batean jaio zen, erlijio-erritu gisa. Ondoren, erritu horrek izaera autonomoa hartu zuen, eta hortik sortu zen tragedia. Eta tragediaren ondotik komedia». Halere, zutabeak nireganatu ninduen zehar-irakurketan Monty Python-era begiak irrist egin zidalarik, Brianen bizitza nire film maiteetakoa izan baitzen elizara joateari utzi, eta alderdi politikoak bitan edo gehiagotan banatzen hasi ginen garaitsu hartan.
Hala dio Aritzek: «Hain zuzen ere, arestian aipatu pelikula erlijioso haien artean niri komedia bat geratu zitzaidan gogoan bereziki iltzatuta. Monty Phintonen Brianen bizitza. Umorearen mugak, eta erlijioa versus adierazpen askatasuna eztabaidagai ditugun honetan, adibide ezin esanguratsuagoa da. 1979koa da pelikula, eta ordurako aski subertsiboa bazen ere, gaur egun klasiko bat da, umore ezin zorrotzagoz egindako satira adimentsua. Eta ez soilik erlijiosoa, gai eta konbentzio ugari hankaz gora jartzen baititu, tartean militantzia politikoa edo iraultza. Hala ere, urteekin zalantza bat piztu zait pelikula horren inguruan. Tradizio judeo-kristauan heziak izan ez direnek ehuneko ehunean gozatu al dezakete? Hauteman al daiteke noraino heltzen den subertsioa Kristoren bizitzari eta Erromatarren garaiari buruzko oinarrizko nozio batzuk izan ezean?».
Ez dakit zein izan daitekeen Aritzen galderarentzat erantzun zuzena. «Jakin-bai-baina-gehienak-ahaztuak» belaunaldikoa naizela esango nuke erlijioari eta liturgiari dagokionez. Eta gogoan dudan hartatik, niri, seme urrunduaren parabola iruditu izan zait beti oso arriskutsua. Parabolen helburua zeharbidez irakastea bada, oso dudakoa iruditzen zait iradokitzen duen irakaspena. Gogoan dut halatsu zela. Aita batek bazituen seme bi. Seme horietako batek ez zuen aitarekin etxean geratu nahi izan, eta kanpoaldera jo zuen mundua ezagutzera. Ez dut gogoan parabolak zehazten duen edo ez zenbateraino bete zion aitak fardela estutasunik pasa ez zezan. Beste semea, berriz, aitarekin geratu zen etxean, eguneroko lanean eta bizimoduan lagunduz. Alde egin zuen semeari ez zitzaizkion gauzak nahi bezain ongi joan, eta halako batean, burumakur eta babes eske aitarenera itzuli zen zeramatzan diruak xahuturik eta arropa zantarrak soinean zituela, gogoan oker ez badut. Mundua ez zen nonbait orain dioten bezain borobil. Eta aitak, itzulerak hunkiturik, beso zabalik hartu zuen seme urrundua; arroparik ederrenez jantzi zuen eta oturuntzarik bikainena prestatu zion ongietorri. Bekozkoz hartu omen zuen etxean geratutako semeak aitaren jarrera eskuzabal eta ospakizunerakoa... Ez naiz harritzen! Aitak eman omen zion azalpenen bat: bera bertakoa zela, bere guztia zuela bere eta aldiz anaia galduta ibili ondoren aurkitzeak ospatu beharra zekarrela derrigor.
Eliz-gizonekin otorduren bat egitea egokitu izan zaidanetan, konfiantzazkoak direlarik behintzat, propio ateratzen dut gaia ardoak mihiak bihurritzen dituen une jakin horretan. Esaten diet parabola horrek egungo egoera jakin batekin duela antzekotasun handia niretzat. Aita dela Fiskalitatea. Etxean geratutako semea, langile soila, nomina eskasekoa edo lanik gabe dagoen pertsona, DSBEa kobratzen duena. Eta kanpora joandako semea hainbat negozio ireki eta itxi egin dituena, komenentziara, harik eta hondoa jo duen arte. Eta Fiskalitateak beso zabalik hartzen du bigarren hori eta lehenari oztopoak jartzen? Ez zaidala buruan sartzen parabolaren muina esaten diet eliz-gizonei. Baina horiek, ni baino askoz ere entrenatuagoak gai horretan, fokua gaizki ipintzen dudala erantzun ohi didate. Aita errukiorra dela giltzarri. Bere maitasun baldintzarik eta mugarik gabea. Eta «amen» egiten dut nik eta isildu xextrari izkin eginda eta Brianen bizitza ikusten ari den egungo nerabe sentitzen naiz.

PLAZATIK
Parabolak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu