Berrikuntzako eta kulturgintzako eragilea

Pentsatzen dut; beraz, banaiz

2026ko otsailaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ainarak 17 urte ditu eta, halako batean, familia erabat aztoratzen du hartu duen erabakiarekin, hain zuzen ere, klausurako moja sartzea. Istorioa gaur egun gertatzen da, hirian. Ainara aitarekin eta anai-arrebekin bizi da, ama hilda dago, eta harreman estua du aitaren arreba den izebarekin. Ikastetxe erlijioso batean ikasten du, bere egunerokoa adin eta klase bereko beste gazte askoren antzekoa da. Filmean istorio lurtarrarekin batera, hala nola familia, ikastetxea, ikastetxeko abesbatza, lagunartea, mutil-laguna, egunerokotasunaren konplexutasuna… horiekin batera, espiritualtasuna ere agertzen da, eta hutsunea… filmaren gainetik hegan. Nola betetzen ditugu bizialdian sentitzen diren hutsuneak? Ainarak fedeari heltzen dio, fedearen deia jaso du eta iritsi zaio... Los Domingos filma ikusi duen ia inor ez da, modu batera edo bestera, hunkitu gabe atera aretotik.

Ez dut filma aldatu nahi, oso ona iruditu zait, inspiratzailea eta pentsarazten duena. Gainera, gaien tratamendua eta aktoreen lana bikaina iruditu zaizkit. Hortik at, gogora etorri zait Ainararena bezalako lagunartean ere egongo direla bideojokoen mende dagoen gaztea, influencer edo eragin sortzaileari begira eguna ematen duena, adimen artifizialeko laguntzaileari iritzia eskatzen diona denerako (gizakia bailitzan)… eta beste hainbat gazte, hutsune hori bete nahian dabiltzanak, inkontzienteki.

Azkenaldian, egunero iristen ari zaigu Adimen Artifizialaren (AA) lorpen berri baten berri, gai dena testuak, irudiak edo bideoak sortzeko hizkuntza naturalean idatzitako jarraibide sinpleetatik abiatuta —hau da, gizaki bati emango genizkiokeen jarraibide berdinak, eduki hori sortzea nahi bagenu—. Horrek gero eta zailagoa egiten du ikusten edo irakurtzen duguna erreala den edo algoritmo batek sortu duen bereiztea. Eta ez da hori txarrena. Okerrena izango da pantailan agertzen den edukia baliozkotzat hartzen dugunean, erreala den ala ez batere axola gabe, ikusi nahi duguna delako besterik gabe.

Testuinguru horretan, gero eta maizago entzuten ari gara Pentsamendu digitala XXI. mendeko konpetentzia dela, hezkuntzaren ikuspegitik, batez ere. Haur eta gazteen munduan pentsamendu mota hori nagusitzen ari da, izan ere, teknologiak zeharkatzen baititu haien bizimoduak eta pentsamoldeak. Ondorioz, Interneten bilaketak egiten ikasteaz gain, beste hainbat gaitasun garatu behar ditu, hala nola: informazioa fidagarria den aztertzeko gaitasuna, algoritmoen alborapenak antzematea, erantzukizunez komunikatzen ikastea sare sozialetan, teknologia tresnak edukia sortzeko erabiltzea —ez bakarrik edukia kontsumitzeko—. Izan ere, XXI. mendeko alfabetatzea trebetasun teknikoak izatetik harago baitoa.

Pentsamendu kritikoaren bidez norberak, zein komunitateak, bere iritzia eraikitzeko gaitasuna lortzen du. Norbere irizpide propioa izateak arrazoian, ebidentzian eta balio pertsonaletan oinarritutako iritzia edo epaia osatzeko gai izatea esan nahi du

Horiek horrela, pentsamendu kritikoa ezinbesteko tresna gisa agertu da, interfazeen atzean zer dagoen ulertzeko eta kontzienteki jokatzeko aukera ematen baitigu. Teknologiak eskaintzen dituen aukerak eta gure gaitasunak hobetzea izugarri onak izan litezke, baina baditu bere mugak, arriskuak eta akatsak ere, funtzionatzeko moduagatik eta diseinatuta dagoen moduagatik. Ondorioz, gure irizpidea erabili behar dugu zer den legala eta zer ez, zer den etikoa eta zilegia zehazteko. Azken finean, norbere iritzia dugu zorua erantzukizunez jokatu ahal izateko. Liluratu gabe.

Pentsamendu kritikoaren bidez norberak, zein komunitateak, bere iritzia eraikitzeko gaitasuna lortzen du. Norbere irizpide propioa izateak arrazoian, ebidentzian eta balio pertsonaletan oinarritutako iritzia edo epaia osatzeko gai izatea esan nahi du. Zeure mugen, alborapenen eta emozioen jakitun izatea ere esan nahi du, eta ikasteko, elkarrizketan parte hartzeko eta zure ikuspuntua beharrezkoa denean aldatzeko prest egotea. Zure irizpide propioa izateak ez du esan nahi itsu-itsuan AA baztertzea edo onartzea, baizik eta haren potentziala eta arriskuak ulertzea, eta horren arabera jokatzea.

Manipulazioa gertatzeko arriskua ez da digitala bakarrik, baina Interneten erabilera neurrigabeak hori areagotu egin du. Filmean oso erakargarriak gertatu zaizkit filma egiteko modua, zuzendariak hartu duen jarrera eta ikusleari bere iritzia sortzeko ematen dion lekua. Hori baita pentsamenduaren funtsa nire ustez, soluzioak baino problemak eskaintzea istorioak kontatuz; norberak ikuspuntu kritikotik azter ditzan, partekatu, eta ikus dezan zer sentiarazten dioten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA