Txerra Rodriguez.
MELE

Pentsatzen gaituzten metaforak

2023ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Egunero-egunero erabiltzen ditugun metaforek hein handi batean moldatu egiten gaituzte. Moldatu egiten dituzte gure hautemateak, gure pentsamenduak eta gure jarduerak. Batez ere, sarritan erabili eta metafora ez direla uste dugunak. Adibidez, denbora aurreztea, gehiengoaren iritzia, oinarriak, garapenerako estrategiak, iritzi zutabeak, erro karratua... Ez gara gu horiek esaten ditugunak, metaforek eurek esanarazten dizkigute.

Metafora horiek (eta beste hainbeste) oso ohikoak dira eta oharkabean erabiltzen ditugu. Fosildu zaizkigu eta topiko edo kontzeptu bilakatu. Hortaz, euren jatorri metaforikoa atzendu zaigu. Hain zuzen ere, naturalizazio horrek egiten ditu metafora horiek hain eraginkor, hain indartsu. Erabiltzen ditugun metaforak bainoago, erabiltzen gaituzten metaforak direla esango nuke, esaten baitigute zer ikusi behar dugun (eta zer ez) eta zelan ikusi behar dugun, zer sentitu behar dugun (eta zer ez) eta zelan.

Horregatik, metaforak eratzea sormena da, izendatzea sormena da, etiketak jartzea sormena da. Eta, horregatik ere, gauzak berrizendatzea, berretiketatzea edo/eta etiketak aldatzea mundu bat ezabatzea eta beste mundu bat sortzea da.

Izan ere, boterea lortzeko norgehiagoka nork bere metaforak besteen metaforen gainetik ezartzean datza batik bat.

Ariketa txiki bat hala gura duten irakurleentzat: nik hogei metafora identifikatu ditut artikuluan, ea zuek hogei horiek (edo gehiago, ze gehiago egon daitezke) identifikatzeko gai zareten; horrela, metaforek duten garrantziaz ohartzeko pauso txiki bat ematen has gaitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.