Baina euskaraz hitzegingo dizut.Aste bete barru Donostiako Zinemaldiaren baitan Bertsolari filma aurkeztea tokatuko zaigu. Zenbait bertsolarik parte hartu dugu bertan, eta, datorkiguna aurreikusiz, geure arteko gogoetaldi bati ekin diogu. Prentsaurreko, aurrez aurreko elkarrizketa, irrati eta telebista programa edo gainerakoetan ze hizkuntza erabiliko dugu edo ditugu?
Euskal Herrian bertan, eta zer esanik ez inguratzen gaituzten Estatuetako biztanleen artean, bada uste bat, guri ergela iruditu arren, oso zabaldua dagoena: guztiok dakigu geurez gaztelera edo frantsesa, eta gainera batzuk, kasualitate moduko batez edo, euskaraz dakite, baserrian jaio zirelako, AEKn euskaraz ikasi zutelako edo orain eskolatan euskaraz ere irakasten dutelako. Guztion hizkuntza gaztelera edo frantsesa dira, eta besteak jakiteak «aberastu» egiten gaituela onartzeraino ere irits daiteke zenbait, onenera.
Makurrena da geure burua ere uste ergel horren menpe kokatzen dugula askotan. Mila izan daitezke arrazoiak men egiteko: inertzia bera eta egindakohautuan ez gehiegi pentsatzea; gure auzokide diren erdal komunitatekoengana gure mezua eta jarduera adeitsu eraman nahia; ama-hizkuntzaz gain gazteleraz txukun, frantsesez lau hitz eta ingelesez bi dakizkigula frogatzeak unibertsalago egiten gaituela geuk sinistea; kazetari gizarajoa edo gajoa ahoa bete hortz ez uztea, azken batean errua berea ez dela jakitun… Askotarikoak, eta sakonera handi-txikikoak izan daitezke arrazoiak. Baina inoiz jarri al gara serio pentsatzen arrazoi horiek aitzakia baino ez direla? Ez gara, nonbait, ausartzen.
Jendaurreko adierazpenak euskaraz eta euskaraz bakarrik egitea zenbaitek egoskorkeriatzat hartuko du. Joera etnizista dela ere esango dute. Etnizistatzat, ordea, alderantzizkoa hartzen dut nik. Javier Clemente futbol-entrenatzaileak duela urte mordoska prentsaurreko bat eman zuen Bartzelonan kazetari euskaldun batekin tranpa bat adostu ondoren. Kazetariak euskaraz egingo zion galdera, eta Clementek euskaraz baleki bezala erantzungo zion hitz-hots ez ulergarriak elkarri txirikordatuz eta gainerako kazetarien txundidura sortuz. Esan eta egin egin zuten. «Bai. Bai. Bligun baldefa gol bat eta glutaren guzta ondo, bai» irudikatzen dut barakaldoarra munduaren aurrean, izan nahi zukeena baina ez zena, balitz modura saltzen. Eta hori, ez zarenari zarenari baino garrantzia handiagoa ematea da. Gu bagara. Euskaradun, alegia. Errealitatearen beste muturretik sarri akats bera egiten dugu ordea: ez garena jartzen dugu garenaren gainetik, aitzakiak aitzaki.
Nola jokatu asmatzen ez da erraza, baina erabakiren batzuk hartzen hain zaila ere ez. Itzulpen-moduak dauden areto eta lekuetan ez litzateke arazo euskaraz soilik aritzea. Azken batean sendoen sentitzen garen hizkuntzan egingo genioke kazetarien galderei eta jendeari aurre. Prentsaurrekoa amaitu eta behera jaistean hasten dira problemak. Litekeena da oso —hainbesteko paradoxatan bizi gara gure herrian—kazetari bat hurbildu eta euskaraz eskatzea gaztelerazko hitzen batzuk. ETB2rako ari da akaso, edo Radio Euskadirako. Egoera horietan hasi behar genuke gotortzen. Euren ezintasunaz jabetuta, konforma daitezela denentzat eta euskaraz esan ditugun zatiak hartzearekin eta itzulita eman ditzatela. Edo elkarrizketa propio bat kendu arren, guk euskaraz solik egin eta bikoizketa egin diezaiotela irratirako edo azpitituluak jarri telebistarako bada. Nik, bederen, gustura entzuten dut Pep Guardiola katalanez, azpian gaztelerarako itzulpena duela. Baina programa osoa bada erdaraz, eta programa itxurazkoa bada —David Barberok egiten duena demagun—, eta guk gure ideien eta jardunen berri eman nahi badugu, nola jokatu behar genuke?
Ez da samur-samurra afera, eta ez ditut oraindik korapilo gune guztiak aipatu. Idatzizko medioa bada elkarrizketa eske datorrena, eta medio hori bi hizkuntzak erabiliz kaleratzen bada, euskaraz argitaratzeko bada euskaraz egingo digute elkarrizketa. Baina gazteleraz edo frantsesez argitaratzeko bada, euren hizkuntzan aritu edo ez zalantzan geratuko gara beti ere. Gainera, gure kontraesanen muinenera joz, kontu batzuk beti gazteleraz —dirudienez garrantzitsuenak—eta beste batzuk beti euskaraz — gureenak— argitaratzeko joera dute. Zergatik? Gustura irakurriko nuke medio horietako batean, Brad PittZinemaldira iritsi ondoreneko kronika euskaraz eta bertsolari bati egindako elkarrizketa gaztelaniaz eta hitzen barrenean (Traducido en Redacción) ohartxoa.
Bakoitzak nahi duena egitearen aldekoa naiz. Baina funtsezko gai batzuetan iparra non legokeen sumatzen hasteko garaia dugu.
Plazatik
Perdone usted...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu