Artista da, baina politikaria ere bai. Legebiltzarkideei ari zaielarik, bigarrena da, ordea, lehena baino. Ahotsik gabe bideoa mugikorrean, aski izan da gorputz-keinuei erreparatzea bietatik nor mintzo den jakiteko. Besaurreak atrilean zindo, buru-sorbalden mugimendu doia, kontsagrazioan bezala zabal esku ahurrak…
Entzuten hasi eta batera hartu dit burua odolak. Zirt-zart ari da Garikoitz Mendizabal arrapostua ematen Josu Aztiriari, honek euskal sortzaileak egiturazko prekarietatetik ateratzeko neurriak eskatu dituenean. Oker dabilela diotso jeltzaleak Bildukoari, begiratzeko inguruan, «mundu klasikoan zeinen maisulanak egin diren, eta prekarietatean baino gehiago, esango nuke nik, pobrezian». Hitzez hitz. Pausatu egin behar izan dut bideoa.
SOS deiari miseria erromantizatuz erantzuteko, ausardia politikoa behintzat, behar da. Zazpi atedun Tebasen edertasuna goratzea hura eraiki zuten langileen bizi-baldintzak aintzat hartu gabe, suabe esanda, burutik behera kaka egitea da. Ostikada baldarra historiografia modernoari. Gizajo ederra nago ni. Brecht-Laboa anaien «langile baten galderek» prediku handiagoa zutela uste nuen, baita batzokietan ere.
Play-ari eman diot atzera. Adorez segitu du. Espezializazioaren kalteaz mintzatu da, «artistentzako RGIa» baztertu du, oharrak eman dizkie sormenkideei, zentzatu daitezen: egiteko «aliantza berriak, dibertsifikatzeko, reseteatzeko». Ez dut deus ulertzen. «Ongizate maila altuan bizi gara», dio. Non prekarietatea? Eta politikaria barik, coach-a ikusi dut une batez, artista negarjoleen aurrean bere burua eredugarri erakusten.
Behin hasita, eskertuko niokeen garbi aitortzea egungo politikarekin jarraituko dutela alderditik. Alegia, orain bezala, kultura enpresentzat izango direla laguntzak eta hobariak, baina ez dela hain txarra haientzat miseria baten truk lan egitea, zazpi atedun Tebasen bezala, gauza ederrak eginarazten baititu eltzea ipurdiz gora edukitzeak.