Polizia astea eduki dugu. Baten faltan, bi. Ertzaintza eta Espainiako Polizia Nazionala. Eusko Jaurlaritzaren ardurapeko poliziaren kasuan, indarkeria matxista nozitu duten emakume batzuek ertzain batzuen aldetik jaso duten tratu ez egokiak, modu finean esanda, aurrez aurre jarri ditu Arartekoa, Manuel Lezertua, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila.
Arartekoak aipatzen duen kasuan, salaketa jartzera joan zen emakumea enpatia eta sentsibilitate faltarekin hartu zuten ertzainek bi ertzain etxetan; Arartekoak aurretik eskatutako protokoloari muzin eginda. Emakumea seguru ote zegoen salaketa jarri behar ote zuten, ideia ona ote zen...Ederra koadroa, ertzain etxera doan emakume jipoituak, bere lana egin ez eta emakumea desanimatu nahi duten poliziak badauzka aurrez aurre. Polizia ona izateko, kasu gehienetan, eraginkorragoa da burmuinak ondo garatzea, bularreko eta besoetako giharrak lantzea baino; nahiz hautagaiak soinean kilo asko dauzkalako indar fisikoaren probak ez gainditu. Justu, Iñigo Urkullu lehendakariak «Ertzaintzak ezin du galdu gizartearen errespetua» kexua bota zuen astean. Ezta ere gizarteak Ertzaintzarena.
Kolore aldaketa, gorritik urdinera. Espainiako Polizia Nazionalaren Irungo polizia etxeko Atzerritarren eta Mugen Brigadako buruak, ez oinarrizko polizia batek, erabaki zuen opor gehiago ematea Irungo nazioarteko muga, Irundik Hendaiara, modu irregularrean igarotzen ari ziren migratzaileak atxilotzeagatik. Zenbat eta gehiago atxilotu, orduan eta opor gehiago poliziek. Uztailaren 1ean abiatu nahi zuen egitasmo hori, baina bertan behera utzi behar izan dute.
Zer formazio dauka 2023an migratzaileekin lan egiten duen poliziaren arduradun horrek? Etsaitzat dauzka migratzaileak, zer erakusten die bere ardurapeko polizia gaztei, zer proposamen, zer iruzkin egiten ditu haien aurrean...? Edo bere helburu bakarra zuen poliziaren ardura eskaileran gora egitea, atxilotutako migratzaile kopuruaren kontura?

ZUZENDARIEN GALEUSCA
Polizien burmuina eta giharrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu