Prozesu naturala den arren

2018ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Tabua da gure jendartean hilekoa, eta horrek zera ekartzen du: haren inguruan belaunaldiz belaunaldi transmititu diren mito asko egotea. Emakumeen ustezko gutxiagotasuna eta sexuen arteko segregazioa justifikatzeko erabili izan dira mito horiek, eta, noski, oso eragin kaltegarria (izan) dute pertsona* askoren bizimoduan (ez dut emakume hitza erabiliko, badirelako hilekoa izan eta emakume ez direnak, bai eta emakume izan eta hilekorik ez dutenak). Esaterako, historian zehar hilekoaren odola pozoitsua balitz bezala agertu da kultura askotan. Hala, aitzinean, zenbait kulturatan bakartu egiten zituzten hilekoarekin zeudenak edo debekatu egiten zitzaien objektuak, azienda edo laborea ukitzea, haiek hondatu edo hilko zituztelakoan.

Erlijioek ere holako sineskeriak sustatu dituzte haien liburu sakratuetan eta, horiek aitzakia moduan hartuta, bizimodu publikotik baztertu dituzte hilekodunak.

Zoritxarrez, bere horretan jarraitzen dute mito horiek, eta, oraindik, gure jendartean hilekoaren ikusmolde negatiboa da nagusi. Medikuntzatik, adibidez, hilekoaren alderdi «patologikoak» azpimarratzen dira, eta horiek «sendatzeko» hormona —zein botika— tratamenduak agintzen dira; hilekoa kaltegarritzat hartzen duten sineskeriak daude, eta askotan entzuten dugu hilekoarekin daudenek ezin dutela mahonesarik egin edo esnerik ukitu, hondatu egingo direlako. Eta, jakina, hilekoarekin sexu-harremanik ez.

Kaltegarritzat ez ezik, zikintzat ere hartzen da hilekoa. Tanpoiak eta konpresak saltzeko iragarkiei erreparatzea besterik ez dago: zikina, usain txarrekoa eta ezkutatu beharrekoa da hilekoa.

Ikusmolde negatibo horrek, noski, eragin zuzena du hilekodunek hilekoa bizi izateko duten moduan, bai eta harekiko duten jarreran ere. Hala, askok harekiko jarrera negatiboa dute, eta bakarrik erreparatzen diete hilekoak ekartzen dituen esperientzia deseroso edo «patologiei». Ondorioz, badira hilekoa behin betikoz eten nahi dutenak.

Emakume espainiar hilekodunekin egin berri duten ikerketa baten arabera, honako hauek dira horretarako motibo nagusiak: hilekoak ekartzen dizkieten min abdominala zein pelbikoa eta bularretako mina edo hantura ekiditea.

Eta jendarte kapitalista honetan ohikoa den moduan, eskaera dagoen (edo nahita sortu den) tokian, eskaintza egoten da. Hala, badira hilekoa desagerrarazteko botikak.

Eskaintza horren atzean, asmo onak eta ez hain onak egon daitezkeela uste dut. Onei dagokienez, hilekoarekin gaizki pasatzen dutenei laguntzea izango litzateke nagusia. Izan ere, hark ekartzen dien ondoeza eta mina desagertuko lirateke, pertsona horien ongizatea eta bizi-kalitatea handituz. Asmo ez hain onei dagokienez, honako hiru hauek bururatzen zaizkit: batetik, hilekorik nahi ez duten hilekodunen gorputza kontrolatzea, tratamenduak hartzeko kontrol ginekologikoa behar da-eta. Bestetik, hilekoaren inguruan indarrean dauden mito eta aurreiritziak betikotzeko ahalegina, horiei esker hilekodunak baztertzen eta gutxiesten jarraitu ahal izateko. Azkenik, noski, hilekodunen kontura etekin ekonomikoak lortzea.

Hilekoaren ikusmolde negatiboa hegemonikoa izan arren, ugaltzen hasi dira hura zalantzan jarri eta alternatibak (besteak beste, hilekodunei ekartzen dizkien ondorio deserosoei aurre egiteko) planteatzen dituzten ekimenak. Baina gai hori beste egun baterako utziko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.