Imanol Murua Uria.
Handik eta hemendik

Rajoy gabe

2013ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Garai batean, Donostiako salbeko istiluekin eta Bilboko banderen gerrarekin betetzen ziren albistegiak udan. Aste nagusirik ez, istilurik gabe. Italiako bidaia agentzia batek, Euskal Herrirako abuztuko eskaintzan, Donostiako istilu festa ere egitarauan sartzen omen zuen, amu gisa, uztailekoan Iruñeko entzierroak sartzen zituen bezalaxe. Aurten, Laudioko pregoilariak eta Bilboko txupinerak hartu dute salbearen eta banderen lekua. Eskertzekoa, Carlos Urkijo saiatuaren pedagogia politikoa: festen egitaraua erabakitzeko ere haien baimena behar dugula gogorazi digu behin eta berriro. Pertsonaia barregarria, bai, baina legea bera da.

Besterik ere eman du badoan uda honek. Ebrotik behera, Mariano Rajoyk Moncloan jarraitzen duela da albistea. Alderdi barruko trapu zikinek eta kontu ilunek ez diote bakerik eman, etxean ere ez du etsairik falta, baina, oraingoz, eutsi egin dio. Hori bai, Barcenasen ordenagailu hutsek, ekonomiaren zulo beltzek eta katalanen asmo eroek buruhauste handiegiak ematen dizkiote, gureari erreparatzen denbora galtzeko. Buruko minak ahaztu nahi dituenerako, gainera, hortxe du Gibraltarko hormigoi blokeen nazio gatazka.

Horretan ados daude Koldo Mediavilla eta Joseba Permach blogariak: Rajoyren zain egon gabe egin behar da aurrera. Hori bai, nork bere ñabardura. EBBko kidea ETAren armagabetzeaz ari zen ezker abertzaleari inoren zain egon gabe pausoak emateko eskatu dienean. Armak zertarako nahi ditu armak inoiz gehiago ez dituela erabiliko erabaki duen erakunde batek? Badu zentzua jeltzalearen galderak. Mediavillari erantzunez, Madrili erreparatu gabe aritu beharrarekin ados dagoela idatzi du Permachek, elkarlan eskaintza eginez gainera: goazen elkarrekin, baina ez bake prozesuan bakarrik, «arlo eta atal guztietan» baizik, Madrili zartaginaren kirtena eskutik kentzeko.

Armen entregaren auzian, galdera ikur nagusiek —nola, nori, noiz, non— erantzunik gabe jarraitzen dute, baina hainbat kontu argitu dira. Aieteko bide orriak ez du dagoeneko balio, Espainiako Gobernua —eta, ondorioz, Frantziakoa— ez dela mugituko ondorioztatu baitute denek. Urkulluk Rajoyrekin bilera egin zuela eta bakegintzaz hitz egin zutela jakin da, baina lehendakaria ezeren itxaropenik gabe itzuli zela ere bai. Beste bide orri bat behar da, eta behar horretatik etorri dira Foro Sozialaren gomendioak. Bitartean, «euskal bidea» proposatzen ari da EAJ, Madrilek egin nahi ez duena EAEko instituzioek egitea, alegia. Ortuzarren ateraldiak —«entrega diezazkiotela armak Gipuzkoako Diputazioari»— sortu duen haserrea gorabehera, ezker abertzaleko kideen hitzetan ez da sumatzen euskal bide horrekiko arbuiorik, EAEko erakundeek espetxe politikan eta abarrean eskumenik ez izatea eragozpen garrantzitsua den arren. Giltza, dena den, armak dituenak du. 2011ko urriaren 20ko erabakiaren logikari jarraituz, eta Madrilek eragindako blokeoa hauste aldera, armak besterik gabe entregatzeko prest da ETA?

Goiko galderari erantzuteko lagungarri izan daiteke beste galdera honi erantzutea: blokeo egoerak nori egiten dio mesede eta nori kalte? Ezker abertzalean ere egiten duten azterketaren arabera, Rajoyri prozesuaren alde teknikoa ez bideratzea komeni zaio, horren ondoren auzi politikoa etorriko litzatekeelako, Kataluniaren tankeran; alegia, abertzaleek xahutu ditzatela indarrak armen eta presoen gorabeherekin, eta haizeak eraman ditzala buruzagi abertzaleek blogetan-eta egiten dituzten elkarlan proposamenak. Bitartean, Urkijok esango digu txupina nork bota behar duen, eta pregoia nork irakurri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.