Unibertsitatea, liburutegia, jakintza, kristala, kristalezko sabaia, goitik datorren argia, behetik ikusten den zerua, zeruaren zabaldea… Guztiak ere, araztasuna iradokitzen duten printzak, gardentasunaren metaforak.
Orain hogei egun, langile batek pauso malapartatu bat eman zuen Leioako liburutegiko sabai kristalezkoan, kristalak ez zion haren pisuari eutsi, eta langilea kolpean hil zen liburutegiko zoruaren kontra jota. Sabaiko zuloa errepikatzen zuten kristalezko zeru-puskez inguratuta gelditu zen gorpua, agian zuzenbidea hizpide duten, agian etikaz mintzo diren, agian lanak duintzen gaituela dioten liburuen oinetan.
Imajinatzen genuena esan ziguten orduan: langileak ez zeraman segurtasun trepetarik; imajinatu nahi ez genuena jakin dugu handik hogei egunera: langileak ez zeukan ezta lan kontraturik ere.
Sabaia kristalezkoa denean, ez omen da harririk bota behar gora: kristal-puskak eroriko zaizkigu gainera.
HITZ BESTE
Sabai kristalezkoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu