sonia gonzalez

Zortzi

2025eko ekainaren 1a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

- Topa! Osasuna, maitasuna…

- …eta askatasuna! Topa!

- Beste viejito bat joan zaigu.

- Beittu, nik ere, aukeran, nahiko nuke jakin joango naizela. Agur esateko parada izan nahi dut, berak egin duenez.

- «Aukeran» diozu, kar! Heriotzak aukerarik emango balu bezala.

- Egia… Hainbatek orain ezagutu dute.

- Eta denek orain goraipatu dute.

- Terrorista bat.

- Bai, terrorista bat.

- Batzuei kostatu zaie.

- Asko. Askori.

(ID_15016432) (/EZEZAGUNA) paula0601
PAULA ROSON

- Badakizu Ruso ezagutu nuela?

- Bai? Non? Montevideon?

- Ez, Bilbon. Astebetez geratu zen ezagun batzuen etxean. Arratsalde oso bat eman genuen hiritik paseatzen, biok bakarrik... Ufa! Aspaldi izan zen… Oso aspaldi.

- Ez nekien ezer.

- Badakizu, señora askok halako sorpresak gorderik daramatzagu poltsikoetan.

- Sorpresak eta kleenexak… kar!

- Ganorabako hori! Ba, han Mauricio Rosencof, niretzat bakarrik… hain nintzen gaztea, ezen ez nekien zer kontatu. Are okerrago, hain nintzen gaztea, ezen ez nekien zer galdetu. Jo kontuk!

- Desordutan jaio ginen, mundutik han-hemenka zabaltzen ziren askapen iraultza haien eta kapitalismoaren akabuko erasoaldi honen arteko tartean igaro da gure bizitzaren zatirik handiena.

- Desordutan? Zaila da ordurako jaiotzea, neska, kar!… Badakizu zer gogoratzen dudan? Zelan mugitzen zuen burua, mugimendu leun baina kontrolaezina. Oilar bataraza zirudien benetan. Eta erredura moduko marka. Buruan hori ere bai. Hamahiru urtez bizirik lurperaturik izan zituztenean, tetxuko zink plakaren eraginez ote zen baino ezin nuen pentsatu.

- Milikoek ez zuten ordaindu.

- Itsas Klubeko Itunean adostu bezala.

- Uruguaien ere trantsizio eredugarria?

- Halantxerik. Diktadurako gizon berberak egitura guztietan, ejerzitoaren inpunitatea eta demokrazia formala herri mugimenduaren ordez. Ez laborantza erreformarik, ez bada atzerriko inbertsioari ateak zabaltzeko, sojaren negozioan eta abarretan, eta nekazariak hirietako periferietara botatzeko; borrokan hainbeste hildako utzi zituen aberri sozialistarik ez, ezta Fronte Zabalak zehaztutako Uruguai Produktiborik ere… Lanpostuak sortzeko «sakrifizioak», Txilen bezala, herritarrak gaixotu eta hiltzen dituzten multinazional kutsakorren magaletan; han ere arrakala sozial gero eta handiagoa, pobrezia endemikoa eta ondasuna gero eta esku gutxiagotan…

- Baina lagun askoren egoera arras hobetu da!

- Bai, hala da, eta pobreetatik babesten diren eliteena ere bai.

- Eta zer nahi duzu, ba?

- Ez dakit. Bakarrik dakit zer nahi nuen.

- Aulki mehe bat eta mahaian zatitxo bat libre, baina baraja posible eta markatu bakarraz jokatzera behartuta ei gaude.

- Batzuetan baliteke posibilismoari ateak zabaldu behar izatea. Baina ugazabaren tresnekin ezin da ugazabaren etxea erauzi. Denok dakigu… eta kontrakoa dioena gezurretan ari da. Utopiatik realpolitikera igarota, partxeekin konformatzea baino ez ei dago. Sufrimendua apaltzen ahalegindu, baina sufrimendu horren egiturazko sorburua ikutu barik.

- Badakizu sistema horri ere denbora gutxi geratzen zaiola, ezta? Munduan beste ziklo bat ate joka dagoela, ezta?

- Bai, agidanez, eta oraingo honetan prestatzen ari den iraultza justu kontrako bidetik dator. Izan seguru horiek ez direla horrenbesteko kontuaz ibiliko. Trumpek 100 egun baino ez ditu behar izan yankeelandia shock egoeran sartzeko eta sistema liberalaren egitura guztiak kolokan jartzeko.

- Beittu, gauzak ondo eta ez horren ondo egin daitezke, eskuak lotuago ala askeago izan daitezke, ausardiaz joka daiteke edo balizko ondorioek aldez aurretik ikaraturik… baina «ugazabaren tresnez» aritu zara eta, batzuetan, dauden tresna bakarrekin egin behar da ahalegina. Ez al zara nekatzen beti absolutuetan mugitzeaz?

- Ezta hurrik eman ere! Kategorikorik gabe dena da moldagarri eta dena doa lausotzen, eta, konturatzerako, zertarako zeunden hor ahaztu duzu.

- Kaustiko hori! Bestetik, Mujicak koherentzia eta etika pertsonalaren adibide izugarria eman dio mundu osoari.

- Beinke, neska! Eta badakizu zer den harrigarria? Guztiz harrigarria da norbaitek humanitatea erakuste hutsak denok hainbeste harritzea.

- Munstroz inguraturik gaude.

- Ikusi besterik ez dago zelan defendatzen den Palestinako genozidioa, zelan hobesten den heriotza interes bastartengatik...

- Garbiketa etnikoa bestelako iritzi edo jarrera politiko bat bailitzan.

- Fijatu al zinen Mujicaren etxean? Neurea islatuta ikusi nuen, kar! Paretak hezetasunak zartatuta eta pitzaduraz beteta; garbiketa, justuan, etxeko langilerik ez daukan edonoren antzera; norberarentzat baino baliorik ez daukaten gauzak nonnahi, hemen figuratxo bat, libretatxo bat han, dena nahasirik, beste inoren begietarako prestaturik dagoen eskenatokia ez den heinean...

- Konparatu zenbaiten txaletekin! Kar!

- Edo umeen eskola garestiekin edo outfit eleganteekin edo furgoneta kanperizatuekin edo urrunerako oporrekin…

- Badakizu, «bizi pentsatzen duzun modura; bestela, bizi zaren modura pentsatzen amaituko duzu».

- Geure buruari galdetu beharko genioke ea ez ote dagoen honezkero denon pentsaera fagozitaturik…

- Bazkaltzen geldituko zara, ezta?

- Ummm, segun…

- Kalabazin beteak eta barbarinak labean.

- Zuk bai jakin!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.