andoni egana
Plazatik

Spar

2012ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Zorrak zor, lepoa lodi» dio euskal esaera zahar batek. Gaztelerazko beste batek dio mundu honetan batzuk besteen zigorrerako gaudela. Ezaguna da honako esaera ere: «Zor txikiren bat baduzu, zurea da arazoa; handia bada duzun zorra, hartzekodunarena». Eta inoiz entzun izan dugu zorretan dagoenak, kezkaturik, lorik bildu ezin badu zer egin behar duen: hartzekodunarengana joan eta argi esan ez dela gai zorra kitatzeko. Orduan, zordunak lo lasaiago egingo du eta hartzekoduna izango da lo hartu ezinik ernegatuko dena.

Herri-jakituriak umorea ukendu bihurtzen asmatu izan du zor kontu hauetan. Baina esaera, esaldi eta txiste horiek beste garai batekoak zirela begi bistakoa da. Zorrak hurkoarekin egin eta hurkoarekin kitatzen zirenekoak. Auzoaz fio ginen, senitartekoaz, lagunaz… Eta auzokoa, laguna, senitartekoa… fio ziren gutaz. Orain zordunak nekez izango du lepoa lodi. Zor handia duenak berak du arazoa, ez hartzekodunak. Eta lorik ezin bildu izango du lasai zorra kitatzeko ezina aitortzen duenak, besteak beste non lo egin ere ez duelako izango. Hartzekodunak aldiz ez du lorik galduko, berea nekez izango baita galera.

Krisiak, eta egungo egoerak, errefrautegia ere hankaz gora jarri digu. Eta errefrautegiarekin batera, munduaren ikuspegia. Aspaldikoak iruditzen zaizkigu bankuak gordailu huts ziren garai haiek. Gure artean zuten izenak berak ere, kajadorrosak, horixe iradokitzen zuen: lanean fin aritu ondoren sobratutako diru pizarrak gordetzeko lekua. Sosak burukoaren azpian gordetzea arazo izaten hasi zenetik sortu ziren benetako buruhausteak. «Sobratu» aditzak berak ere erroetan jasan zuen aldaketa. Transitiboa izatetik —«diru pixka bat sobratu dut» esaten dute oraindik baserritarrik zaharrenek—,intransitibo izatera pasatu zen: «diru pixka bat sobratu zait» esaten dugu guk. Lehengo esamoldean norbere ahalegina da azpimarratzen; oraingoan aurreztea kasualitatearen fruitu dela dirudi.

Burukoaren azpitik burukominerako bide honetan, banku, aurrezki-kutxa eta gainerako diru-entidadeek dute erantzukizun nagusia. Baina gu gabe ez zuketeen ezer lortuko. Gordailu huts izatetik beste zerbait izatera jo zuten gu ezin egokiago tentatuz eta geuk egin genion amuari kosk. Norbaitek bazekien nonbait gizakia dela animalia enbidioso bakarra, eta batek nahi izaten duela eduki ingurukoek daukatena gutxienez, edukitzeko gai den edo ez gehiegi begiratu gabe ere. Eta ahuldade horretaz baliatu dira gero eta indartsuagoak izateko.

Zorretan ondo, «normal», bizitzea posible zela sinetsarazi ziguten. Zorra gainera, zerbait pertsonala zen, ezkutukoa, eta norberari zegokiona, ez gizarte-sarea dantzan jar zezakeen ezer. Aspalditxo idatzi nuen, krisia bere gorrienean nabarmendu aurretik, adibidez erretzaileak hain begibistako bihurtu gaituzten honetan, gizartearentzat bazuela hainbesteko garrantzia eta bakoitzaren zor-kontuak ere azaleratu egin behar liratekeela. Ez zait besterena axola, baina niri eragiten ez didan bitartean. Xelebrea litzateke pertsona bakoitza kalean ikustea kopetean post-it bat duela: «Ez dut zorrik» batak, besteak «etxebizitzaren hipotekaren 100.000 euro zor ditut» eta beste batek «800.000 euro zor ditut, han eta hemen». Eta are xelebreagoa, kopetean 800.000 euro zor dituela daraman pertsona bat bulego batean ikustea, dotore jantzia, irribarretsu, mundua jateko prest eta lanpostu bat eskainiz, behin-behinekoa eta oso gaizki ordaindua, kopetean12.000 euroko zorra duela daraman beste bati, eta hori men eginez, zorrak ito egiten duelako. Horrelakoak gara. Zorionez, desberdinak.

Alemanian, agintari eta hedabideek eraginda, Europa hegoaldeko biztanleoi buruzko uste bat zabaltzen ari dela entzun eta irakurri dugu asteotan. Zilborpeko ileak korapilatuz ematen omen dugu eguna, Administraziotik diru-laguntzaren bat noiz jasoko. Batzuek bai eta besteek ez. Alemaniaz eta post-it kontuez ari naizenez, gogoan ditut umetan, eta ia etxero, koaderno batean pegatzen genituen SPAR izeneko zigilutxo haiek. Koadernoa osatzean sariren bat izaten zen. Alemaniarra zen SPAR etxea. Eta oker ez banabil, «aurreztu» esan nahi du SPARrek. Baina aspaldiko kontuak dira. Banketxeak-eta gordailu soil zirenekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.