Handik eta hemendik

'Speak white' esan zioten siouxei ere

Imanol Murua Uria.
2011ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Koldo Izagirreren hitzaldiak, iluntzean, bukatzear behar zuen, bi sioux eta lau euskaldun, eguerdian, mahai berean eseri zirenean. Bata Andoainen, besteak Renon. Martin Ugalde Foroan ari zen bata, Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroak hizkuntz eskubideei buruz antolatutako mintegian egin zuten topo besteek. Tartean, 9.000 kilometro.

Berria.info irakurrita jakin dugu Autopsiaren frogak liburuaren egileak zer esan duen, Michele Lalonde idazle quebectarraren Speak White poema abiapuntu hartuta: hizkuntza gure sentimenduen azpiegitura dela; hizkuntzak egiten gaituela herri; munduan leku bat baldin badaukagu, hizkuntzak emana dela; eta mundua gu bezalakoz betea dagoela.

Bi lagun siouxek hogei ordutik gorako bidaia egin dute autoz paisaia elurtuetan barrena, bidean gaurik egin gabe, Hego Dakotatik Nevadaraino, Renoko jardunaldietan entzule izateko. Bi mila kilometrotik gora. Beste hainbeste egingo dituzte igandean, etxerakobidean, arriskuan daudenbeste hainbeste hizkuntzen esperientzien berri izan ondoren.

Ama hizkuntza du siouxa mahaikideetako batek: lakota, sioux hizkuntzaren hiru dialekto nagusietako bat. Tribu berekoa du laguna, baina ingelesa besterik ez du egiten, sioux nazio handiko tribu ugarietako kide gehienek bezala. 50 urtetik gora ditu lakotadunak, eta, azaldu duenez, hizkuntza gurasoengandik jaso dutenen artean bera baino gazteagorik ez du ezagutzen. Sioux tribu guztiak eta hizkuntzaren aldaera guztiak kontuan hartuta, 25.000 hiztun badirela dio Unescok, arriskuan diren hizkuntzei buruz iaz plazaratutako azterketan. Baina Hego Dakotako bere komunitateaz ari da mahaikidea: 30.000 lagun inguru dira, eta haietako hirurehun baino ez dira mintzatzen lurraren hizkuntzan. Transmisio katea hautsi egin da, eta orain eskola umeak dira esperantza bakarra.

Boarding school madarikatuak ekarri dituzte gogora, barnetegiak, hizkuntzaren genozidioaren zergatiei buruz ari direla. Haurrak barnetegi berezietara eramatera behartzen zituzten gurasoak, eta ingelesa besterik ez hitz egitera, eskola umeak. XIX. mende bukaeran ezarri zituzten, eta ez zituzten itxi XX. mendearen 70eko eta 80ko hamarkadak arte. Sarean bilaketa azkarra eginda, erraz topatzen dira barnetegi haietako historia beltzeko pasadizoak: San Frantziskoko badiako Alcatraz irlako espetxean preso egondakoak badira, haurrak barnetegi haietara eramateari uko egiteagatik.

Gaur egun haurrak barnetegietara eramatera behartu beharrik ez daukate, ingelesez hitz eginarazteko. Hizkuntzari eusteko lanean eta borrokan ari dira orain batzuk, baina ez omen dago komunitatearen lehentasunen artean. XXI. mendean, hizkuntzaren estandarizazioan lehen urratsak egiten oraintxe hasi dira. Batere esperantzarik baduten galdetu diete mahaiaren beste bazterretik lagun siouxei. Dagoeneko autopsiaren frogak biltzen ari direla iruditu baitzaie galdetzaileei. Hizkuntza bizi den artean, eutsiko diotelako esperantzari. Eskola umeak koskortzen direnean, berpiztuko dutela mintzaira. Euren hizkuntzan ez daukatela adio esateko hitzik, gero arte baizik ez dakitela esaten.

Gutxi gorabehera une berean ari zitekeen Koldo Izagirre, munduaren beste aldean, poemaren bukaera irakurtzen: nous savons / que nous ne sommes pas seuls. Badakigu ez gaudela bakarrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.