Bandera-festa bihurtu zen Espainiako selekzioko jokalarien ospakizuna. Borja Iglesiasek Galiziako ofiziala lotu zuen gerrian, kopoi, hostia eta guzti; Fabian Ruizek, Andaluziakoa; Cubarsik senyera izarrik gabea; Extremadurakoa Pedro Porrok; Terrasakoa Olmok; Roquetas del Mar-ekoa Alex Baenak eta Real Sociedad futbol taldearena Oiartzabalek. Nik behintzat eskertu nien gainerako euskal herritarren artean inork ez dantzatzea Nafarroakoa ez ikurrina.
Nolanahi den, lekutan dago jarrera Herri Torrontegiren hartatik, Jerezeko zirkuituan Espainiako txapelketa irabazi eta gero, eta miserikordiako madrearen etxean Iribarrena eta Kortabarriarena Atotxan. Debekua hausten zuen bozkarioak bildu zuten harmailek ikurrina orduan; hedabide espainiarren errieta publikoa jaso zuen Gorlizko motorzaleak. Mundua dago ordutik gaur zortziko irudietara. Dut taldeak azaldu zuen ongi zertan de muina: «Bandera trapu bat da haizerik ez badabil».
Palestinakoa haizatu zuen Hossam Hassan Egiptoko entrenatzaileak Atlantan jokatutako partidaren ostean: «Inork ez badu inoiz ezer sentitu palestinar herriaren sufrikarioarekin, gizakia ez delako da». Alemanian izatera, poliziak jipoitu egingo zukeen gizona; Erresuma Batuan, atxilo hartuko zuten; Frantzian, auskalo. Haizea ibili, badabil. Beste gai askorekin moduan, topatzea da kontua. Nahi izatera, noski.
Eta trapuak trapu, nik neuk banderen artean ditut Tommie Smith eta John Carlosen ukabilak eskularru beltzetan bilduak Mexiko 68an, edo Norvegiako emakumeen hondartza volley taldea Tokio 2020an bikinia janzteari uko eginda, emakumeekiko sexista iritzita, edota amerikar futbol jokalarien belauna zelaian tinkaturik Black Lives Matters protesten babesean.
Betikoan gaude. Kirola eta politika ez nahasteko agintzen diguten erakundeak berak dira estadioak serieko hiltzaileen banderaz eta himnoz betetzen dituztenak, beren-beregi edonork ez ordaintzeko moduko sarrerak ateratzen dituztenak. Hori bai, demokraziaren eta elkarbizitzaren izenean.