Trena, duela oso gutxira arte, zerbait izan bada, elementu sinpatikoa izan da nire iruditerian. Urrutira joan gabe, joan den igandean sumatu nituen ama-alaba bi tren biaje bat eginez, Zarauztik Donostiarakoa, haurraren gutizia hutsez. Amak telefonoz bestaldekoari hala kontatu zion behintzat. Deba aldera hartzeko asmoa zutela baina Donostiaranzkoa iritsi zela lehenago eta huraxe hartu zutela, umearen apeta betetzeko berdin berdin zitzaiela batera edo bestera hartu eta. Gogora etorri zitzaidan geuk ere noizbait egin genuela horrelakorik umeak ume zirela —premiarik gabe trena hartu— beti autoz ibili beharraren ibili beharrez trenez biajatzearen xarma gal ez zezaten. Aurrez aurre joanda bestelako berriketaldiak sortzen dira. Paisajean bestelako xehetasunei erreparatuko diezu. Hurrengo geltokiaren izena asmatzea jolas bihurtzen da, eta tunelen luze-laburrerak ere garrantzia hartzen du.
Trenbidea bera jolas-leku zen ume ginela. Egun kartzela zigorra mereziko luketeen jolasak asmatzen genituen trenbidea lagun. Nork bide gehiago egin tren-karrilaren gainean orekari eutsiz eta erori gabe, noren txanpona edo txirrinda-dinamoa hobeto zartarazi trenak, nor ausartu tunelean barrurantz metro gehien egiten… Trenbidea zen herriaren bizkar hezur, gurean behintzat. Trenbideak banatzen zuen herria ipar-hego. Eta jostailuei zegokienez ere, eskuragarriagoa zen tren elektrikoa, askoren betiko amets inoiz betegabeko scalextric zeritzan auto zirkuitoa baino. Baziren gainera bestelako trenak ere, desberdinagatik zirrara sortzen zigutenak. Igeldoko funikularra, Larrungoa…behin ibili izana aski, sekula ez ahazteko.
Gerora ikasi genituen Txirritak Norteko trenari jarritako bertsoak. Eta gerora konturatu zinen aitona zenak familiariheredentzian utzitako bertso bakan hartan ere trena zela protagonista nagusi:«… oraingo tren ta tranbi eta automobil, hitza ere noranahi alanbrean dabil, lehengo bidez gezurra besterik ez dabil». Lizardik bultzi-leihotik egindako poema hura ere betirako josi zitzaizun gogoan. Ikasi zenuen gerora, Freudek ere aipatzen zuela Donostiatik Bilborako trena, non eta bere obrarik ezagunenean, ametsei buruzko intrepretazioaren hartan, Varaus edo Zarauz edo delako tren-geltoki haren izena azaltzen baitzitzaion ametsetan bere bezero bati. Eta Martuteneko trena ere etortzen zaizu burura Imanol Urbietarekin topo egiten duzunean, Martutene bera baino ere lehenagokoa zen eta.
Zure iruditerian trena beti izan da kuttun. Etorkina trenez iristen da Zumarraga, Altsasu edo Bilbora, deus ez eskuetan, larruzko maleta zaharra besterik. Agurrak ere agurragoak dira, egiazkoagoak, atzera begirada luzeagoa eskaintzen dutenak, tren-andenean autobus geltokian baino. Ongi dakite horren berri zinema kamerek. Eta metaforarik higatu eta xumeenek ere maite dute trena. Illarramendi, esaterako, trena behin baino pasatzen ez zelako joan omen da Madrilera.
Joan zen astean hasi zitzaidan trena eztarri zuloan trabeskatzen. Aramaioko Arrixolara bidean gindoazen Amets eta biok. Aurrera baino maizago jotzen zigun begiradak ertzetara eta gora. Lurra zulatua sumatu genuen edonon. Hurrena, zubi tantaiak… «Baina, zer da hau?» botelasterreko galdera ez genuen kanporatu ere egin. Bagenekien zer zen lagunari galdetu gabe. Abiadura handiko trenarentzako egindako lanak. Etorkizunik baduen inork ez daki baina sarraskiak atzerabueltarik ez duela edonor konturatzen da.
Aste honetan bertan trabeskatu zaigu trena erabat. Santiagoko istripuak utzi dituen irudi, zifra eta barne urratuek ere ez dute atzerabueltarik. Istripuaren gorabeherak ikertzen hasi direlarik, abiadura handiegia jo dute balizko arrazoien artekotzat. Eta zuk pentsatu duzu trenari atxikiko zenizkiokeela mila oroitzapen eta bostehun hitz, baina ez sekula abiadurarena.

Plazatik
Trena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu