andoni egana
PLAZATIK

Txankletekin

2016ko ekainaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Urte sasoiari ez dagozkionak ere badira. Une egokian ez datozelako inpertinente punttu bat duten ekintzak. Aurtengo uda sarreran inoiz baino nabarmenago azaldu zaizkigu begien aurrera.

Frantzian jokatzen ari den futbol Eurokopa da adibide azalekoena. Urteko futbol lehiaketa garrantzitsuenaren sona ematen diote, eta futbolarien opor garaian jokatzen. Hor bada zerbait parte onekoa ez dena. Frantziako Tourra, azaroan, txirrindularien opor garaian jokatzearen parekoa iruditu izan zait beti futbol Eurokopa ekainean eta uztailean burutzea. Ekainera sasoi betean iristen den futbolariak urtean zehar ordaintzen dion klubari behar hainbat ahalegin eskaini ez izanaren seinale du. Edo urtean zehar min hartuta egon denaren adierazle da...

Ez dakit oso tankerako zerbait ez den gertatzen ari Espainiako hauteskundeekin. Noiz eta ekainaren 26an hautetsontzietara joan beharra garaiari ez dagokion zerbait da. Norbaitek esan dezake Franco hil osteko lehen hauteskundeak ekainaren 15arekin burutu zirela Hegoaldean, eta data ez dagoela berez hain urruti aurtengotik. Baina hamaika egunen tartea dago eta ia berrogei urtekoa. Eta garai hartan bazen bestelako jakin-min bat, nor joan nor ez joan, nork sakelaratu Francoren aurkako borrokaren etekinik mardulena, zenbat Francozale garai-batekoa-beti-nahiago bistaratzen zen... aurtengo zitak ez duena. Aurtengoa guztiz da garaiz kanpokoa. Papeleta eta txankleta hoskide dira baina ez oinik egokienak taxuzko bertso bat osatzeko. Okerrena da, futbolarien kasuan bezala, lan egin behar zuten garaian lanik egin ez zutelako iritsi direla egutegiaren seigarren orrialdearen kondarreraino. Eta beldurtzen nauena da berriz, azken sei hilabeteetan ezkutuan, ia ia hamaikakotik kanpora bezala, bere buruaren berri eman gabe... ibili den jokalaria, Mariano Rajoy izeneko hori, iritsiko dela sasoirik onenean garaiz kanpoko hitzordu honetara.

Urte sasoi hau eta nagia eskutik datozelako edo, hauteskundeek ezer gutxitarako balio dutela sinesten hasiak asko direlako edo (dena aldatu ezer alda ez dadin), Espainiakoak urrun sumatzen dituztenak ere ez direlako hain gutxi edo... politikari batzuen ahotan bidegurutze direla entzun arren, herritarrentzat sekula baino gurutzbideago sumatu ditut hauteskunde hauek. Kanpaina irudiak izan dira aski argigarri. Herriz herriko ibilian sumatu ditugu hautagaiak, eguzkipean, akolito multzo txiki batez inguratuak eta aurrean jende askorik ez, derrigorrezko erritualari aurre eginez. Orube hutsak. Desolazioa. Eguzki galga. Isolazioa.

Politikariek, hil ala bizikotzat aurkeztu dizkigute hauteskunde hauek ere. Eta horixe da gehien ernegatzen nauena. Hil eta bizi hitz potoloegiak dira lehenengorako baino bigarrengorako berezko joera handiagoa erakutsi dutenek nahieran erabiltzeko. Odon Elorza jaunari entzun nion hauteskunde hauen ostean konponbiderik lortzen ez bada eta hirugarren aldiz herritarrek botoa ematera joan behar balute ez lukeela bere burua aurkeztuko, lotsagarri bailitzaioke jendea atzera-aurrera horrela ibilaraztea. Ongi da. Baina nork jartzen du muga hiruan eta ez, esaterako, bian edo bakarrean? Poto bat normaltzat joko dut gaurko saioan. Birekin asebeteta segituko dut bihar. Hiru eginez gero bakarrik hasiko naiz lotsagorritzen.

Etorkizuna jokatzen omen dugun hitzorduaren ondotik berehala iritsiko da opor garaia. Itxiko dituzte legebiltzar, kongresu, senatu, alderdien egoitza eta direnak eta ez direnak. Gobernu berririk osatu gabe joko dute oporretara sei hilabetean ezer askorik egin gabe egon diren horiek. Oporraldia eskubide dugu. Baina langileok!

Hil ala bizi, papeletaren indarra, etorkizuna... dituzte ahotan. Buruan, gehienek, txankletak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.