Aldeak zer egiten duen. Dena dago gertu edo urruti, era berean, segun zer interesatzen zaigun batean eta bestean. Ez da aurreneko aldia gertatzen dena, baina, hala ere, beti harridura bera sortzen dit, harridura eta haserrea, onar dezadan.
Ez dakit, Vicent, ikusteko aukera eduki zenuen aste honetan Kolonbiako bake prozesuaz, Madrilen, komunikazio talde batek antolatu zuen mahai ingurua. Mahaiaren bueltan, Kolonbiako Santos presidentea, Espainiako presidente ohi Felipe Gonzalez, Espainiako Kanpo Arazoetako ministro Jose Manuel Garcia-Margallo eta, zeremonia buru, Juan Luis Cebrian. Habanan Kolonbiako Gobernua eta FARC talde armatua egiten ari diren bake negoziazioez jardun zuten mahaikideek, nor baino nor aldekoago agertuz.
Espainiako ministro Garcia-Margallo ezin sutsuago agertu zen: «Auzi horretan ez gaude Kolonbiako Gobernuarekin ehuneko ehunean, baizik eta ehuneko milan». Gonzalezi ondo iruditu zitzaion Habanako elkarrizketetan «lurren banaketa egokiaz hitz egitea», eta Santos presidenteak lehenago esanda daukana errepikatu zuen: «Justizia ezin da oztopoa izan bakerako».
Baina ez al ginen gelditu (gobernu) demokratek ez zutela «terroristekin» negoziatzen? Gehinez hitz egin, bai, baina armak emateko eta justiziaren aurrera eramateko? Mahai horretan ez zuen inork hitz egin «iraganaren azterketa kritikoaz», «eragindako min inutilaz» eta gurean azkenaldion jarri dituzten kontzeptuez (edo oztopoez?).
Zergatik da gogorragoa eta exijenteagoa Eusko Jaurlaritza ETArekin, Kolonbiako eta Espainiako gobernuak FARCekin direna baino? Kriterio desberdintasun hutsa da edo beste motibazioren bat dago? Iduri luke Uribe presidente ohiaren antzeko jokabidearekin dabiltzala gasteiztarrak.
ENBAXADA BILA
Urruti dago Kolonbia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu