Gora-haserrea ere jar nezakeen tituluan, aski arrazoi baitituzte jubilatuek haserre egoteko eta ozen eta gora azaltzeko euren haserrea. Aldiz, Mariano Raxoi banintz, dimititu egingo nuke aitaren batean, kontraesanak guztiok ditugula jakinekoa baita, baina esandakoaren kontra hain nabarmen egitea, gutxi batzuen dohaina. Duela urte bete eskas hain argi botatakoak hemerotekan eta esku-eskura daudela jakin arren loa biltzeko gaitasuna badu, miresmen punttu bat badiodala ere ezin ukatuko dut.
Literaturan gogoko dudan pasarteetako bat Bertolt Brechtek idatzi eta Joxerra Garziak euskarara ekarria da. Keiner Jaunaren kondairak liburuko zati bat da. Honela dio: «Agure arabiar batengana hiru gazte inguratu eta honela esan zioten: 'gure aita hil egin da. Hamazazpi gamelu utzi dizkigu oinordekotzan, eta testamentuan agindu ezen zaharrenak gameluon erdia, ertainak herena, eta gazteenak bederatzirena hartu behar dugula. Kontua da banaketa egiterakoan ez gatozela bat. Zeuk erabaki nola egin behar dugun!'. Agureak, apur bat hausnartu ondoren esan zuen: 'Nire ustez, banaketa ondo egin ahal izateko, gamelu bat duzue eskas. Nik neuk, gamelu bakarra dut, baina balia dezakezue behar duzuenerako. Eraman, eta egizue banaketa. Soberan ezer geratzen bazaizue, hori niretzat. Bestela deus ere ez'. Gazteek, agureari eskerrak eman, haren gamelua hartu, eta hamazortzi gameluak banatzeari ekin zioten. Zaharrenak erdia —hots, bederatzi— hartu zuen, ertainak herena —hots, sei—, eta gazteenak bederatzirena —hots, bi gamelu—. Bakoitzak bere gameluak bereizi, eta, beren harridurarako, bat geratzen zitzaien soberan. Soberako hori hartu, eta agureari itzuli zioten, beren esker ona berriro agertuz».
Adiskideari mesede egiteko modu egokitzat jotzen zuen hori K. jaunak, ez duelako sakrifizio berezirik eskatzen. Matematika irakasle banintz, zatikien nondik norakoa eta erabilgarritasuna ikasleei azaltzeko erabiliko nuke pasartea. Baina zaharrei buruzko irakaspena ere eskaintzen digu. Kondairaren lehen hitza ez da alferrik agure. Agure arabiarrak asko daki. Badaki norbere ongizatea arriskuan jarri gabe, gazteei mesede egiten. Badaki nola banatu daukana. Badaki… Eta Espainiako presidenteak ez luke hori ahaztu behar.
Egiten jakitea, egoten jakitea eta… jakitea, omen dira pertsonak izan ditzakeen ezaugarririk behinenak. Egiteko gaitasuna, neurri batean, galarazi dezake adinak —ez beti eta ez arlo guztietan halere—. Baina egoten jakite horretan adina lagungarri dela ezin ukatuko dugu, zaharrentzako etxe horiei Egoitzak deitzea gehitxo izan badaiteke ere. Eta jakite kontuan berriz, garai, toki eta kultura askotan onartzen zaio zaharrari besteek ez adinako jakinduria maila.
Gurean eta gugandik gertuko gizarteetan, ez. Raxoi jaunak lehenengo agindu eta gero arindu, egin nahi die. Agindu zien, noski, badakielako jubilatuak direla boto emaile asko eta asko. Eta arindu nahi die —patrika—, pentsatuz ez dela ezer asko gertatuko bizitza mailaren neurrian zahar-saria ez igotzeagatik. Injustizia bat eta kalkulu akats bat egiten ari da ordea.
Injustizia, kontuak gaizki doazenean jubilatuak direlako okerrerako joera gehien nozitzen dutenak. Lana dutenak hor nonbait moldatuko dira eta egokitu egoera berrira; ez dutenak, izan dezaten ahaleginduko dira eta hemen adabakia eta han erdizkako lan bat, bizirauten ahalegintzeko modua aurkitu ahal izango dute; jubilatuek, ordea, izoztua daukate definizioz beren lan-aurreikuspena. Lehen eginaren ordaina behar adinakoa ez bada, gerokoaren poxik ezak hondoratzen ditu. Berrogei urte eta gero…hau! eslogan entzutetsuaren jatorria politikoa zen, baina ekonomia ikuspegitik ere pare-parean dator, egun jubilatu askok sentitzen dutena adierazteko.
Eta kalkulu akatsa ere bada Espainiako Gobernuarena. Jubilatuak ez dira hiltzea ahaztuta dauden giza-emakumeak. Gerraosteko larre motxean ohituak dira egungo jubilatu asko. Inork baino hobeto dakite zenbat kosta zitzaien soldata duina lortzea, batzarrak osatzeko eskubidearen jabe egitea, sindikaltzeko eskubidea lortzea, greba egitekoa… Erne, Raxoi! Jubilatuak aurka jartzen badituzu, ez ahaztu Merkel baino gehiago direla.
Plazatik
Zahartzoaren gorazarrea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu