Julio Cortazarren Etxe hartua ipuin fantastikoa (La casa tomada) 1946an publikatu zen lehen aldiz Jorge Luis Borgesek zuzentzen zuen Los Anales de Buenos Aires aldizkarian. Bost urte geroago, Bestiario bilduman sartuko zuen autoreak, beste testu marabilloso batzuekin batera —neu-neuretzat, beti marabilloso Cortazar—. Ipuinean, bi neba-arreba dira protagonista: narratzailea bera eta Irene arreba. Familia-etxe zahar batean bizi dira, etxearen zainketara eta aisialdira emanak, harik eta egun batean zaratak entzuten hasten diren erabiltzen ez duten etxearen partean. Beldurtuta, itxi egiten dute alde hori, eta gorde egiten dira beraien geletan. Apurka-apurka, ordea, etxea hartu egiten diete Irene eta nebari, eta azkenerako, izuak jota, etxea kanpotik ixten dute eta kalean gelditzen dira.
Narrazioan ez da aipatzen nork hartzen duen etxea, ezta zergatik ere, eta ez da zehazten gertatzen ari denari buruzko apenas ezer: susmoak baino ez dauzka irakurleak. Naturaz gaindiko fenomenoa balitz bezala aurkezten da kasik. Iristen dira batzuk, hartzen dute etxea eta bota egiten dituzte bertakoak. Eta irakurleak susmoak baino ez dauzkanez, hainbat eta hainbat izan dira ipuinari egin zaizkion interpretazioak, izan ikuspuntu politikotik, zein psikoanalisiarenetik.

Nik neuk ere egingo nizueke ipuinaren interpretazio eta berrirakurketa gaurkotu eta pertsonalizatuago bat, ipuina berrirakurtzerik banu, baina une honetantxe bertantxe, bizi dudan etxeko gela kaotiko batean pilatutako kutxetako batean dago sartuta Bestiario, eta haren barruan Etxe hartua. Nik neuk ere egingo nizueke ipuinaren interpretazio bat, pertsonala, beste batek egin dezakeenaren oso diferentea, horregatik delako literatura daukagun gauza handienetako bat: irakurtzen dugunetik egia diferenteak ateratzen dira, eta ikuskera anitzak, eta koralitate oso bat, kolorez margotzen dena.
Etxeak hartu dizkigute, Julio, baina hasiak gaude haiei aurpegiak eta izenak jartzen. Eta egin beharko genuke igual bestiario propio bat geuk ere, Erdi Aroko testuen pare; geure animalien —baina batez ere geure piztien— deskribapen-bilduma bat, piztia bakoitzaren alegiak eta piztia bakoitzarengandik jaso beharreko irakaspenak gordeko dituena
Errealitatea, ordea, interpretatzen errazagoa da batzuetan, eta literatura gordinean baino gordinagoa askotan. Etxeak hartu egiten dituztelako batzuek, hartu eta metatu eta pilatu eta espekulatu, eta hartzen dituzten etxe horietatik bota egiten dutelako jendea kale gorrira. Iragan astean etxetik kanporatu dituzte emakume bat eta bere bi alaba adingabeak Salburua auzoan, Gasteizen, Toni Morrison 24. zenbakian, Eusko Jaurlaritzaren menpeko Alokabide sozietate publikoak kudeatutako etxebizitza batean. Egunkari honetan irakurritako kronikaren arabera, iritsi dira udaltzainak etxe atarira, tapatu dute behatxuloa eta zakar jo dute atea. Burua estalita eta armatuta sartu dira barrura, eta etxegabetzea oztopatzera gerturatutako kideen artean jaitsi da emakumea kalera, bildutakoen txalo artean.Â
Eleganteagoak izan ziren, zalantzarik gabe, casatomadako Irene eta neba etxetik bota zituztenak, ez baitzuten, gutxienez, beraien asmoen berri eman. Gaur eta hemen, ordea, eta azken datuen arabera, argitxo gelditzen hasiak dira higiezinen intentzioak: goraka doa etxeak metatzen ari direnen kopurua, handitzen ari da etxebizitza jabego handien kopurua.Â
Eta tira, literatura eguneroko basati honekin konparatzeak ekar diezazkidan kritikak kritika, etxeak hartu dizkigute, Julio, baina hasiak gaude haiei aurpegiak eta izenak jartzen. Eta egin beharko genuke igual bestiario propio bat geuk ere, Erdi Aroko testuen pare; geure animalien —baina batez ere geure piztien— deskribapen-bilduma bat, piztia bakoitzaren alegiak eta piztia bakoitzarengandik jaso beharreko irakaspenak gordeko dituena. Eta bitartean ni neu, hemen, Bestiario bilatzen; ni neu, hemen, etxe batetik indarrez atera eta nora sartu ez daukatenekin akordatzen, etsita.