Oihane Amantegi (L)

Zantzoa

2026ko ekainaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«―Lehengo sanjoanak zelakoak izeten ziren?

―Bueno... harek izeten zien sanjoanak! Jente guztixe tanboliñe hasi orduko jantzan, ta pozik, soiñue jo ta jentie pozik, dana zantzoa ta dana barrie ta dana olgetie iziten zan, oin...

―Zantzoa esan dozu?

―Zantzoa. Ja, ja, ja, ezta? Zantzoa, irrintzia! Zantzoa esaten geuntsen guk, irrintzia. [Horra probatuten] zan irrintzi eitten euena, bueno! eta zelan? Ta pozik jentia! Ta jentia etxien, e, hainbeste jente ta hainbeste jente etorten zan, geubien, etxien, bertan geldittuten zien ta jentie sabaixen ta danetan lo, lo. Eta pozik! Pozik!»

Lau urte dira gure amama joan zena, itzali zitzaiguna. Lau urte haren kopla eta esaera eta berben atzetik oraindik, galdu egingo ditugula badakidan esateko gauzen bila. Eskerrak Ahotsak —Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea— proiektuaren barruan gordeta aurkitzen ditudan oraindik batzuk, hamarkada bat lehenago grabatu zioten goiko pasarte hori bezalakoa. Ea lehengo sanjoanak nolakoak izaten ziren. Eta bere barre txikia eta argia begietan, galdera sinple horrek bere barru-barruko poz izugarri batekin lotzen zuelako ziur aski. Akordatuko zelako suaz eta erromeriaz eta txikitako barrabaskeriez. Memoria ona zen geure amamarena, fina, zorrotza.

IRATI EGUREN
IRATI EGUREN

Eta memoria horren hariei tiraka, zantzoa bezalako berba batekin topo egiten dudanean, jotzen dut Labayruren bizkaierako hiztegira, eta bertan agertzen zait zantzoa dela grito de alegría, júbilo. Eta ezin dut ekidin, alde batetik, triste jartzea, pertsona batzuk galtzen ditugunean galtzen ditugulako, hein berean, gauzak izendatzeko manerak. Eta gauzak izendatzeko manera horiek galtzean, galtzen ditugulako gauza asko; pentsa, horien artean, poz izugarri bati izena emateko aukera. Halanda be, gaurko zutabearen izenari zor, aldarrika dezadan sanjoanetako atariotako poztasuna, ixten ari garen ikasturte honetan ikusi eta irakurri behar izan ditugunen aurrean Mario Benedettik egiten zuen pozaren defentsaren antzean.

Iruditzen zait urtaroek, eguzkiaren bueltek, kalendarioko data jakinek edo mugarriek balio handia dutela, oraindik ere —eta batez ere oraindik ere— arnasguneak ireki eta geure gogo eta garunei indarberritzeko aukera emateko

Badagoelako, etzi iluntzean piztuko ditugun suetan, gainetik salto egingo diegun horietan, momentu liminalek daukaten berezko magia hori. Gauza zaharrei, iraungiei, balio ez digutenei, min ematen digutenei, nekatu eta zapaldu gaituztenei edo gehiago nahi ez ditugunei agur esateko aukera bat. Plazer bat infinitua sutzarretan gauzak eta mierdak erretzearena, eta plazer bat infinitua garrei begira egotearena. Eta, aldi berean, zaharrari agur esan eta aurretik daukagun bideari ongietorria egiteko momentu guapo bat, hasiera berri bat —egunero ere badena, noski, baina udako gau epel batean are guapoagoa dena—. Dena dago bukatzear, eta dena hastear.

Ni neu nahiko mitologiko eta kosmogoniko jartzen naiz data hauetan: gaur solstizio, etzi San Joan bezpera, etzidamu San Joan. Iruditzen zait urtaroek, eguzkiaren bueltek, kalendarioko data jakinek edo mugarriek balio handia dutela, oraindik ere —eta batez ere oraindik ere— arnasguneak ireki eta geure gogo eta garunei indarberritzeko aukera emateko. Gelditu, elkarri lotu, geure inguruari eta ingurukoei errotu eta zentzua topatzeko askotan zentzugabeko direnei; zeren eta, ostia, jarraitu beharko dugu ba zerbaitetan sinisten ere, ezta?

Hori bada, etzi gauean egin salto suaren gainetik, egin okurritzen zaizkizuen erritu denak bizirik gaudela gogoratzeko eta bota zantzoa airera, «san juan san juan billabones, gure zuloan lapurrik bez, sorgiñik bez, badago be erre deittez! Artoak eta garixek gorde, sugiak eta zapoak erre, sanjuan!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE