Julen Azcona
EGUZKI EPELEAN

Zertarako balio duen taberna batek

2023ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Kanpotik beldurra eman dezake. Zurezko ate lodi bat. Kristal tindatuak. Batzuetan, kristalik ez. Soilik pareta eta atea, eta, atearen atzean, itxaropenaren antzeko zerbait. Larunbata. Ez da ezer entzuten, baina argi dago barruan musika badagoela, jendea ere bai. Kalean, inor ez. Neguko gau arrunt bat Iruñeko alde zaharrean. Magia soilik barruan antzeman daiteke, atea irekitzen denean. Zirrikitutik, erritmo nahasi bat, house, tekno, abesti amerikar bat.

Sartzen ausartzen bazara, ikusiko duzun lehenengo gauza izango da sabaitik zintzilik dauden kolorezko oihal distiratsuak. Ondoren, pareta eta zutabeetara itsatsita, pegatinak. Harrotasunaren koloreak. LGTBIfobiaren aurkako mezuak. Madonna zuriz jantzita Like A Virgin abestiaren bideokliparen argazki zahar batean. Kodigo hauek guztiek imajinario kolektibo bat osatzen dute. Oraindik ez dakizu zein, soilik orain arte ez dituzula bizitzan zehar ezagututako kodigoak ulertu, ez zarela horien partaide izan, mutila zarela, ez duzula kirolik egiten, ez zaizula futbola gustatzen, ez duzula atsegin kirola egin eta futbola gustatzen zaien beste mutilekin denbora pasatzea.

Hemen dena desberdina da. Topikoa da esatea «beste mundu batean» zaudela. Baina hala da. Ez dago sentimendu hau deskribatzeko beste modurik. Oihal distirakorren azpian azkar-azkar mugitzen dira gorputzak. Haiek bai, zuk ez bezala, ulertzen dituzte lekuaren kodigoak (zuk ere ulertuko dituzu, denborarekin; pazientzia izan). Ez dira beldur kodigo horiei jarraitzeko, gorputzak feminitatearekin mugitzeko, aurpegiak elkartzeko, sudurrak igurzteko, ezpainak marruskatzeko, hortzak dastatzeko, mingainak, hatzak, besoak kulunkatzeko.

Batzuetan, taberna bat da norberak bere lekua aurkitzeko behar duen gauza bakarra. Mundua ulertu munduari bizkarra ematen diozun bitartean, munduak dir-dir egin eta Like A Virgin dantzatzen duzun bitartean. Iruñean, taberna hau Nicolette deitzen zen. Aurten, 23 urtez existitu eta gero, itxi ditu bere ateak. Alde zaharreko zurrumurruek diote berriz ere irekiko dutela, beste jabe batzuekin. Oxala. Harreman azkarrak errazten dituzten aplikazio teknologikoen garaian, hurrengo belaunaldiek eskertuko dute halako gune libre eta fisiko bat Euskal Herriaren bihotzean. Ihesbidea ihesbide baten barruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.