ZUZENDARIARI

27 orduko bidaia

Donostia.
2014ko abenduaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Joan den asteburuan, 9 euskal herritar Andaluziako Kordobara joan ginen ibilgailu berean. Hainbat herri eta adinetakoak elkartu gintuen bidaiak; 7 emakume eta 2 gizon, hain zuzen. Nahiz eta batzuek beste asteburu batzuetatik elkar ezagutu, askok ez. Bakoitzak berea buruan; guztiok, ordea, gogo bakarra: joan-etorria ahalik eta hoberen egitea. Ezustekoak ez ziren gure alde egon; behe laino itxiaren bisita izan genuen, guardia zibilaren harrera ere bai… Igual da. Nahi genuena lortu genuen, baina: senide eta lagun presoekin 40 minutuko bisita, eta zorioneko batzuek, bisean bisekoa. Itzultzean, nekea gero eta handiagoa izanagatik, gure artekoa loratu egin zen, hau da, lasaitu egin ginen, etxetik ekarritako jana konpartitu genuen, luze hitz egin, eta barre egin genuen, kantuak eta dantzak ere ez zitzaizkigun falta izan. Kronikaren amaiera gisa, bederatzikoteko amonak esandakoarekin geratu nahi nuke: «Zuek gabe ezingo genuke gure senidea bisitatu. Eskerrik asko».

Ordu luze horietan bederatzi euskal herritarrok asko utzi genuen hemen, Euskal Herrian: familia, lagunak, parranda, lasaitasuna… Hala ere, barru-barrutik diot plazera izan zela ordu horiek elkarrekin banatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.