Haurtzaroan egin ohi zaizkigun lehen galderetako bat da zer izan nahi dugun handiak, edo helduak, garenean. Urte batzuk geroago izango garena, ordea, hilabete amaierara iritsi ahal izateko goiz jaikitzea da, gu eta gureak ekonomikoki bizirauteko edo ditugun gutiziak asetzeko beharrezko eginbehar bat izanik iratzargailua jartzea gauero, bost axola zaigun sektore bateko enpresa baten irabaziak loditzeko ahal dugun hobekiena eginez eta ahal dugun arduratsuenak izaten, funtzio hori betetzeko inolako talentu berezirik ez dugula jakitun izan arren, berrogei orduz astea joan eta astea etorri. Horixe da batzuontzat lana, ogibidea, beharra, Bizkaia inguruan dioten moduan. Ederra zaplaztekoa. Beste batzuentzat, baina, zerbait gehiago ere bada: bokazioa, talentua, mundu honetan duten euren papera eta gainontzekoek jarriko dioten etiketa. Klase soziala definitzen duena ere bai. Horri buelta bat eman eta gailurra jo dutenak ere badaude: txikitako ametsa betetzen ari direnak, txapela irabazi dutenak.
Eskumuturrean ebakuntza bat egin eta berragerpenean zorigaiztoko eroriko bat jasan ondotik, eskafoide deituriko hezur bat hautsi zuen pilotari profesional batek duela hilabete batzuk. Erretiroa hartzea erabaki du enpresarekin akordio batera iritsiz, 30 urte besterik ez dituela. Pena bat.
Berak ziurrenik ez, baina gogoan dut mutil horrek, ni baino urte bat gazteagoa izan arren, infantil mailan geundenean 18-3 irabazi zidan —hiru tanto egin nizkion, aizu, ez dago horren gaizki— norgehiagoka zirraragarri hura. Bere izenarekin geratu nintzen, arreta eman baitzidan bere mailak: Xabi Tolosa deitzen zen, Anoetakoa. Jarraitu egin diot ordutik. Ez dut sekula ahaztuko, ni jada aspaldi erretiratuta —edo pilotak ni erretiratuta, hobe esanda—, duela urte batzuk, bere kirol ibilbideko gailurrean zela, lesio batengatik Binakako finalerdi bat bertan behera utzi behar izan zuela, hura partida irabazteko zorian egon arren. Zenbat ordu, zenbat lan gogor, zenbat kilometro berak eta bere gurasoek, gaztaroko gauza eder batzuk sakrifikatuaz. Hunkitu egin ginen ni eta beste pilotazale mordo bat une hartan telebistaren bestaldetik; haien artean, bere egun horretako aurkarietako bat zen Aitor Elordi bera ere, finalerako txartela lortu arren. Triste egongo da egunotan akaso, baina bejondeiola eta zorionak Xabiri lortutakoagatik, txikitako ametsa betez txapel hau irabazteagatik, ez da gutxi eta. Eta, nola ez, belaunaldi berdinekoak ditugun Iker Irribarria eta Danel Elezkano ere gogoan ditut egunotan, arrazoi berberagatik goiz xamar pilota utzi behar izan zuten beste bi pilotari aparta.
Bestalde, duela aste batzuk igande goiz euritsu batez, sekulako erakustaldia eman zuen, beste behin, 18 urte besterik ez dituen Enara Gamindek Emakume Master Cup txapelketaren finalean, pilotalekuko harmailak adin orotako jendeaz beteta zeudelarik. Haurrak barne. Copa de pacharĂ¡n, puro y apuestas (patxaran kopa, purua eta jokoa) estigma txoroa duen eta euskaldun askorentzat horren gurea den kirol ikuskizun honetan, oso maskulinizatua eta kutsu folkloriko zaharkitu batekin oraindik, tamalez, itxaropenerako lekua badela erakusten dio bati honek, badirela Euskal Herri osoan zehar euren ametsa lortzeko ahaleginetan ari direnak. Prozesuaz disfrutatzen ari direnak. Gauero iratzargailua jarri beharreko liturgia hori irribarretsu egiten duten haur, mutil zein neska, pilotariak.
Ez dadila haria eten.