Bera

Almazenean gozatzen

Patxi Telletxea Ezkurra
2024ko otsailaren 10a
05:00
Entzun

Hagitz leku berezian, bai, almazen batean, hain zuzen, gozatu ederra hartu genuen lehengoan Donostian. Hantxe bildu ginen 500 bat euskaldun antzerkiaz gozatzeko. Pribilegiatuak gu, horrelako antzezlan politaz gozatzeko aukera izan genuelako.

Iker Galartza eta Zuhaitz Gurrutxaga aktoreek Donostiako Antzoki Zaharra euskaraz zipriztindu zuten David Desolaren lana antzezteko, eta ederki antzeztu ere. Eta gu han, pozez zoratzen, euskaraz eskainitako lanarekin. Pribilegiatuak baikara euskaldunak, bai horixe! Euskarazko eskaintza kulturalaz gozatzen dugulako, eta baita gaztelerazkoarekin eta beste hizkuntzetan ematen dituztenekin ere.

Alejandro Lopez Orkoiengo alkateak lehengoan esan zuen pribilegiatuak garela eta ez zaio arrazoirik falta, ez horixe: hala gara eta. Noiz konturatuko dira bi hizkuntza ezagutzea bat ezagutzea baino gehiago dela? Aukera gehiago ematen dizkizula bizitzaz gozatzeko eta bizitza ulertzeko? Alkate horrek ulertzeko moduan esateko: gure etxeak leiho ziztrin bat izan beharrean, bi edo hiruzpalau ditu eta gure bizitzak argi gehiago dauka eta egurastuagoa dago.

Gero eta gehiago dira atzerritik eta Espainia osotik etorri eta guregana hurbiltzen direnak gure hizkuntza ikastera, gure ohiturak ezagutzera: gure kultura erakargarria egiten zaielako, munduaren homogeneizazioa gero eta jasangaitzagoa delako.

Guk, bitartean, Iker eta Zuhaitzen lanaz gozatzen segituko dugu almazenean. Zoazte ikustera eta zuen bizitzako 80 minutu eder igaroko dituzuela ez izan zalantzarik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.