Ander Martin Estenaga mallabitarrak utzi gaitu. Gazte joan zaigu, 47 urte baino ez zituen. EEPFko trinketeko hautatzailea eta arduraduna, pilotaria, pilotazalea, pilota aditua, isila, zintzoa, langilea... dohain horiek guztiak eta gehiago zituen pertsona izan da Ander. Ezkerparetan, trinketean, plazetan eta pilota soroetan ere joko zuzenean jokatutakoa eta txapelduna izan zen, alegia, pasa den lekuetan bere txapeldun arrastoa utzi duena. Pertsona gisa, berriz, esan gabe doa, txapela kentzekoa.
EHEPSAM eta EHEPK osatzen dugunok, Euskal pilota selekzioaren nazio aitortza lortzeko Durangon 2022an antolatu genuen elkarretaratzean ezagutzeko zortea eta ohorea izan genuen eta jakin badakigu, helburu hori lortze bidean, EEPFaren eskutik Anderren inplikazio zuzena eta zintzoa.
Euskadiko Euskal pilota selekzioak nazioartean lortu duen aitortzaren zati baten parte ere badelako Ander, gure esker beroena adierazi nahi diogu egindako guztiagatik, eta elkartasuna adierazi bere familia eta lagunei.
Orain, Ander, zure sentimendu barne, zazpiak bat ordezkatuz munduan barrena lehiatuko duen euskal pilota selekzioa behar dugu. Horregatik, orain arte bezala, gurekin behar zaitugu; beraz, adiorik ez. Mila esker, Ander.