Fiskalitatearen gaia alderdi politiko eta agintari guztien ahotan dabilen honetan, gipuzkoar batzuek zergetan jasaten dugun errealitate bidegabeari heltzeko tenorea izan daiteke.
Izan ere, Gipuzkoan bizi eta Lapurdin lan egiten dugunok gizarte segurantza lan egiten dugun herrialdean ordaintzen dugu, eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga, bizilekuan. Lapurdin bizi eta Gipuzkoan lan egiten dutenek alderantziz, bistan dena. Arazoa da, gizarte segurantzagatik Frantziako estatuan ordaintzen dena espainiar estatuan ordaintzen denaren ia bikoitza dela eta PFEZagatik Gipuzkoan ordaintzen dena, Iparraldean ordaintzen denaren ia hirukoitza. Alegia, honen ondorioz Hendaian eta Irunen bizi diren bi lankideren arteko soldata arrakala hilero 300 euro garbi baino gehiagokoa da. Lan berarekin eta nomina berarekin! Gipuzkoan bizi eta Iparraldean lan egiten dugun langileok zigortzen gaitu sistema horrek. Kontrara, Iparraldean bizi eta Gipuzkoan lan egiten dutenak onuradun ateratzen dira. Legearen aitzinean berdinak gara, omen.
Urtero, mugaz gaindiko topaketetan hitz eta asmo ederrak entzuten dira. Lurralde guztietako agintari gorenak izan ohi dira gonbidatuen artean: alkate, diputatu, lehendakari eta presidenteak. Mugaz gaindiko langileen eta proiektuen arteko hartu-emanak sustatzeko helburuz, talentua erakartzeko eta euskal herritarren arteko harremanak estutzeko asmoz. Solas ederrek, baina, ez dute deusetarako balio errealitatearekin topo egiten dutenean, alegia, herritarren poltsikoarekin. Ez da inoiz egiazko mugaz gaindiko langilerik eta ekonomiarik izango fiskalitatearen arrakala gainditu arte.
Lurralde bakoitzak zerga berezitasun propioak izan ditzake; hain justu, hautsak harrotu ziren besteak beste Bizkaiak kirol jardueren gastuen %20ko kenkaria proposatu zuenean. Eta gerora etorri da neurri komunak adosteko EAJk eta PSE-EEk egindako proposamena: EAEko lurraldeen arteko arrakala konpontzeko xedea dagoela diote. Baina Gipuzkoak baditu ondoan lurralde gehiago, eta langileen eguneroko joan-etorriak ez dira soilik Bizkaira eta Arabara egiten. Gipuzkoako biztanle kopuru handiena bizi den eremuan hain zuzen, etxetik 10-20 kilometrora dauden herriez ari gara: Irun, Hendaia, Errenteria, Ziburu, Donostia, Hondarribia, Baiona, Donibane Lohizune…. Euskal Herrian izan beharreko joan-etorri naturalei harresia (beste bat) ezartzen die egoera honek, ez baita erakargarri bilakatzen horrelako baldintzetan lan egitea.
Une honetan gure agintarien mahai gainean dauden neurri eta akordio berri horiek, beraz, ea behingoagatik errealitate hau kontuan har dezaketen.