ZUZENDARIARI

'Articulo tres, jamonik ez'

Ubide
2021eko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Polita da esatea herri txikiak mimatu behar ditugula, despopulazioaren aurka borrokatu behar dugula. Baina errealitateak txalo bategaz espabilatzen gaitu.

Ubide, 170 biztanle, eta boto gutxiago, horrek esan nahi duenarekin. Zein herri polita, zein herri lasaia, zein aire garbia, zein... esaten didate askotan. Hori bai, gure seme-alabak goizero 06:30ean jaikitzen dira 12 urte dituztenetik. Ubiden autobusa hartu, Arabako herrietatik paseatzen dituzte, eta 08:10ean ikastolara iristen dira. Hori bai, Gasteizera medikuarengana joan behar baduzu, autobusa bakarra, egun osoan, goizeko 10:00etan. Itzultzeko, hor konpon. Gutxienekoak lortzeko, urteetako borroka.

Gure errepidea, gure N-240, trafiko handia eta arriskutsua. 1995ean hasi ginen borrokatzen. Adabakiak lortu ditugu, eta ez kexatu «170 baino ez zarete eta». Izan ere, handiei azpiegitura egokiak egin behar zaizkie, eta ez gara hain inozoak, ulertzen dugu. Metroa, Supersur, Subflubiala,... ulertzen dugu, badakigu. Baina besteak ere existitzen gara.

Borroka asko egin ondoren —1995ean hasi ginen—, Arabako eta Bizkaiko foru aldundien arteko hitzarmena sinatu dute. Hitzarmen horren arabera, bi aldundiek 60.000 euro (%50ean) jarriko dituzte Ubideko sarrera Arabatik hobetzeko proiektua idazteko. Ongi etorria hitzarmena (1995-2020). Aldundietako ordezkariek Ubide udalerria bisitatu dute, baina udaletxea ez, beste zerbait gehiago eskatuko dute agian eta.

Ubide, 170 biztanle, 2021. urteko azpiegitura-obretarako aurreikusia (egikaritzea), obrak esleituak, eta ekainean bihurtzekoak, 61.477,89 euro. Badakigu ez garela munduaren zilborra, baina Teruel bezala, ez dakit noiz arte, baina hemen gaude.

Ubiden bizitzea aukeratzen dugu, horrek dakarren guztiarekin, eta badakigu horrek zer suposatzen duen. Ez gara inor baino gehiago, baina ezta gutxiago ere. Ez gara inor baino azkarragoak, baina ezta ergelagoak ere. Normalak gara, eta gure jardunean beste lehentasun batzuk ezartzen ditugu, ez hobeagoak ez txarragoak, beste batzuk baino ez. Baina horrek ez du esan nahi mundutik kanpo geratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.